Izurria giroa «gaiztotzeko» erabiltzea egotzi dio Urkulluk oposizioari

EH Bilduk «arduragabekeriaz» aritzea aurpegiratu dio Jaurlaritzari, eta PPk, berriz, «sinesgarritasunik» ez izatea.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. DAVID AGUILAR/ EFE
Edurne Begiristain.
2020ko abenduaren 11
15:37
Entzun

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan koronabirusari aurre egiteko azken neurrien inguruan galdetu diote gaur Iñigo Urkullu lehendakariari. EH Bilduk eta PPk kritikatu egin dituzte Labik hartutako azken neurriak, besteak beste, batzuk malguegiak direlako eta beste batzuk, ostalaritzari ezarritakoak, zorrotzegiak. Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun die ez dezatela erabili izurritea «giroa gaiztotzeko».

EH Bildutik Maddalen Iriarte bozeramaileak esan du izurria ez dagoela kontrolpean eta, beraz, ez dela neurriak malgutzeko abagunea. Iriarteren ustez, «arduragebekeriaz» ari da jokatzen Jaurlaritza, oposizioa gutxietsita eta neurriak arinduta. Iriarteren aburuz, Jaurlaritza ez dago ongi kudeatzen pandemia, besteak beste, datu objektiboen arabera ez liratekeelako neurriak lausotu behar. Horri lotuta,  azpimarratu du osasuna «indartu» egin behar dela eta kaltetutako sektoreei ekonomikoki  lagundu behar zaiela.

Ildo beretik mintzatu da PPko Carlos Iturgaiz. Hark salatu du zalantzan dagoela Jaurlaritzaren «sinesgarritasuna». Salatu du, halaber, «bidegabea» dela ostalaritza saltokiak baino ordubete lehenago itxi behar izatea.

Erantzuteko txandan, Urkulluk «ardura eta zorroztasuna» aldarrikatu ditu, eta oposizioari ohartarazi dio eztabaida «antzuek» gizarteari egiten diotela kalte. Lehendakariak nabarmendu du «gardentasunez» ari direla datuak ematen, baina aitortu du egoera larria dela oraindik eta guztion helburua izan behar duela konfinamendura itzuli behar ez izateak eta osasun kolapsoa ekiditeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.