Futbola

Luzapena eta penaltiak

Astelehenean egingo dituzte Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeak. Bi hautagaitza ariko dira lehian: 'Garai Berriak' eta 'Gipuzkoa, denon joko zelaia'

jarraia191014.jpg
unai zubeldia
2020ko abenduaren 11
15:51
Entzun

Ez hasieran behar zuen egunean, azaroaren 23an, eta ez hasierako bi hautagaiekin, Manu Diazekin (Garai Berriak) eta Adrian Merinorekin (Gipuzkoa, denon joko zelaia). 33 urteren ondoren, Juan Luis Larreak astelehenean utziko dio Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente izateari, eta 110 boto emaileren esku egongo da azken erabakia. Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzak sortu du eztabaida azken asteotan, Merinok presidentegai kargua uztea erabaki zuelako abenduaren 1ean, «arrazoi pertsonal eta profesionalengatik». Jose Luis Colinak hartu du hautagaitza horren lidergoa, baina ez Hauteskunde Batzordeak eta ez Garai Berriak hautagaitzak ez dute onartu hautagai gisa. Izatez, Merino da, beraz, hautagaia —dimisioa aurkeztu izan balu, bertan behera geratuko zen zerrenda guztia—, eta astelehenean hark hartuko du hitza, bozketaren atarian. Baina ikusteko dago hauteskundeak hautagaitza horrek irabaziz gero Adrian Merino izango litzatekeen Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea, edo egun gutxiren buruan dimisioa aurkeztu eta Colinak ordezkatuko lukeen.

Eztabaida giro betean, astelehenean 18:30erako daude deituta hauteskundeak —lehen deialdian—, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta 19:00etan izango da bigarren deialdia. Gipuzkoako 78 klubek boto bana izango dute bozketan, hamarna boto izango dituzte entrenatzaileek eta epaileek, eta seina jokalariek eta areto futboleko ordezkariek. 110 boto emaileak bertaratuz gero, beraz, 56 beharko dira garaipena lortzeko. Astelehenean eta Atano III.ean bertan eman beharra dago botoa, ordea, eta COVID-19aren pandemiak edo edozein ezustekok gorabehera bat baino gehiago sor dezake bozketan.

Merinorekin, zalantza

Bergararra da Manu Diaz, eta aldaketarako «gogotsu» dago. Adrian Merino aretxabaletarra, berriz, Larrearen jarraipen gisa saldu dute batean eta bestean, azken agintaldian federazioan bertan lanean aritutako hainbat baitaude zerrenda horretan. Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitza «ilusioz gainezka» dago hauteskundeak irabazteko, hala ziurtatu du Colinak —Merinok ez du hitz egin nahi izan—. «Espero dezagun, gainera, Adrianek azkenean bere egoera pertsonal eta profesionala konpontzea, eta bera izatea presidentea; ez dugu baztertzen aukera hori».

Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzak, hori bai, ez du baztertzen, hauteskundeak irabaziz gero, Merino presidente izendatzea, hark dimisioa ematea eta karguan Colinak ordezkatzea. «Legezkoa litzateke, nahiz eta ulertzen dugun arraro samarra izatea. Denei azalpenak ematen ari gara, eta guztiek ulertu dutela uste dut; ez da egongo arazorik».

Guztiek ulertu ez dutena Realaren jarrera izan da. Jokin Aperribai presidenteak «batasuna» eskatu zuen urriaren 14an eman zuen prentsaurrekoan, baina argi hitz egin zuen Garai Berriak hautagaitzaren alde. Gipuzkoa, denon joko zelaia zerrendak gogor kritikatu zuen mugimendu hori, eta salatu zuten, halaber, Reala ezkutuan hainbat klubi presioa egiten ari zela. «Baina gai horri dagokionez beste fase batean sartu garela uste dugu. Errespetu handia diogu Realari», zehaztu du Colinak.

Hain zuzen ere, Reala bera saiatu zen bi hautagaiak elkartu eta hautagaitza bateratu baten aldeko pausoak ematen. Azaroaren 16an egin zuten lehen bilera, Anoeta estadioan, baina prentsara filtratu zuten bilera hori, eta hortik aurrera Realak uko egin zion bitartekari lana egiteari.

Colinak argi dauka hauteskundeak eurek irabaziz gero zein litzatekeen lehen neurria: «Klubekin elkartzea, denboraldiarekin zer egingo dugun erabakitzea eta arlo ekonomikoa aztertzea». Eskola kirolari dagokionez, orain artekoari eusteko apustua egingo lukete. «Hala nahi dute Gipuzkoako klub gehienek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.