Manu Diaz

«Nekatuta daudela esan digute klubek; batasuna nahi dute»

Espero eta nahi baino liskartsuagoa izan da hauteskunde kanpaina, baina Manu Diaz gustura dago azken urtebetean egindako lanarekin. Ideia eta lan egiteko modu berriak aplikatuko dituztela ziurtatu du.

Manu Diaz, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente izateko hautagaia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai zubeldia
2020ko abenduaren 11
16:04
Entzun

Futbol kontuez «gehiago» hitz egin nahiko luke, baina futbol arloaz kanpoko hamaika gertaeraz aritu behar izan du azken aste eta hilabeteotan. Manu Diazen (Bergara, 1965) hautagaitzak ideia berriekin sartu nahi du Gipuzkoako Futbol Federazioan, eta sinetsita dago astelehenean presidente izendatuko dutela. «Erabaki irmoak behar ditu Gipuzkoako futbolak». Besteren artean, federazioko presidenteak karguan gehienez zortzi urte egitea defendatu du bergararrak, baina, oraingoz, agintaldi bakarra hitzeman du berak. «Ez gehiago».

Gorabehera askoko hilabeteak igarota, zer moduz iritsi zarete Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeen atarira?

Itxaropentsu gaude, klub gehienen babesa daukagulako. Horretan, harro gaude gure taldeak egin duen lanarekin. Baina harrituta gaude beste hautagaitzak azken orduan aldatu duelako hautagaia; erabat etikaz kanpokoa da hori. Gipuzkoako futbolari iruzur egin nahian dabiltza.

Adrian Merino da, berez, Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzaren presidentegaia, baina, izatez, Jose Luis Colina da hautagaitza horren burua. Zer iruditzen zaizue?

Alde batetik, oso argi gelditu da haustura dagoela Gipuzkoa, denon joko zelaia hautagaitzaren barruan dauden batzuen eta gaur egun federazioaren zuzendaritzan daudenen artean; isilik daude azkeneko horiek, baina agintzen jarraitu nahi dute. Juan Luis Larrearen lehengusua da Jose Luis Colina, eta agintea familian mantentzeko estrategia bat besterik ez da hautagaitza horren buru bera jarri nahi izatea.

Gipuzkoak behar duen horretatik oso urrun dago, gainera, bere burua hautagai bihurtu duen pertsona. Bere bidea egin beharko luke epaileen estamentuak, independentea izan beharko luke, eta Colinak klubetatik urrunduta egin du bere ibilbide guztia, epaileen estamentuan.

Reala buru zela, hautagaitza bakarra sortzeko ahalegina egin duzue alde biek, baina saiakera bertan behera gelditu zen, filtrazioen eraginez. Zer gertatu zen lehen bilera horren ondoren?

Gai garrantzitsu askotan bi aldeak elkarrengandik urrun geundela jakinda ere, ilusioz beteta hitzartu genuen lehen bilera hori. Negoziazio horiek isilpean egin beharra geneukala erabaki genuen, baina, ezustean, prentsan agertu zen dena, filtrazio bidez. Orduan, hiru aldeek ikusi genuen hobe zela aurrez aurreko beste bilerarik ez egitea. Hori bai, Adrian Merinok eta biok elkarrengana hurbiltzeko saiakera bat egin genuen.

Saiakera horrek ez du emaitza onik eman?

Azken unera arte saiatu gara, baina ezinezkoa izan da. Adrianek berak eta federazioan esperientziarik ez daukaten bere hautagaitzako beste hainbatek begi onez ikusten zuten hautagaitza bakarraren ideia, baina betiko interesekin eta pertsonekin topo egin du bide horrek; gaur egun federazioan dauden horiekin.

Beste hautagaitzari ez zaio gustatu Realak, ofizialki, zuen alde egin izana. Zer iritzi duzue?

Lehenik eta behin, duela hamabi urte bi hautagai izan ziren Gipuzkoako Futbol Federazioko hauteskundeetan [Juan Luis Larrea eta Jaime Barriuso], eta Gipuzkoa, denon joko zelaia taldeko hainbat pertsona zeuden zerrenda horietako batean; Ramon Azkarate, esaterako, orain Realaren inguruan gehien kexatu denetako bat. Azkarate eta Juan Luis Larrearen hautagaitza hartan zeuden Iñaki Badiola Realeko presidentea eta Luis Maria Antoñana Moraza Realeko bozeramailea. Horregatik, harrituta gaude orain esaten ari diren guztiarekin. Realak Gipuzkoako beste edozein klubek adinako eskubidea dauka kanpaina egiteko. Eibar kanpainan dago, Lagun Onak ere bai, Oiartzun ere bai... Guztiak daude kanpainan, eta baita federazioa bera ere. Etikaz kanpokoa da horregatik Reala kritikatzea.

Bidezkoa litzateke Adrian Merinok hauteskundeak irabaztea, bizpahiru egun geroago dimisioa aurkeztea eta Jose Luis Colina izendatzea presidente?

Lege iruzur bat litzateke hori, Gipuzkoako futbolarekiko erabateko errespetu falta. Litekeena da hori eginez gero zuzenean zentsura mozio bat aurkeztea, baina ez gara hasiko kontu horiei bueltaka, ziur bainago guk irabaziko dugula. Eta, hala ez balitz, Adrian Merinoren hautagaitzan bertan nahikoa argitasun daukan jendea egongo dela espero dut hauteskundeak eurek irabaziz gero Merino bera izendatzeko hurrengo hiru urte eta erdirako presidente.

Zein dira zuen hiruzpalau proposamen nagusiak?

Hamalau hilabete daramatzagu gure programa garatzen, Gipuzkoako 78 klubekin elkartuta eta euren ideiak bilduta. Formakuntza mailan, argi daukagu klub guztiek [EAEko] Kirolaren Legea bete beharra daukatela, nahiz eta lege horren aplikazioa hobetu daitekeen. Aldundiarekin hitz egingo dugu akordio bidez hiruzpalau xehetasun egokitzeko. Hainbat foro ere sortuko ditugu, klubak federazioarekiko gertuago senti daitezen; pare bat hilabetez behin bilerak egingo genituzke, horretarako arduradun bat jarrita, argi daukagulako kluben oniritziarekin hartu nahi ditugula erabaki guztiak. Aldaketarako dagoen beldurraz jabetuta, auditoria bat ere egingo dugu, federazioaren egoera ekonomikoa eta ondasuna zein den zehazteko eta gure bideari hutsetik ekiteko. Ez dugu nahi ezustekorik.

Klub «gehienen» babesa daukazuela aitortu duzue. Zenbatena? Eta nolako harrera egin dizuete klub horiek?

Oso harrera ona egin digute denek, eta aldaketa baten beharraz hitz egin digute gehienek. Nekatuta daude orain arteko jardunarekin, intoxikazio kanpainekin eta gainerakoekin; batasuna nahi dute. Modu desberdinean lan egiteko eskatu digute, klubekiko eta kirolariekiko gertukoak eta arduratsuak izateko.

Abenduaren 15a. Manu Diaz presidente. Zein lirateke lehenengo bizpahiru erabakiak?

Lehenik eta behin, abenduaren 16an, 17an eta 18an Gipuzkoako 78 klubetako ordezkariekin bilduko ginateke denboraldi honi nola aurre egingo diogun erabakitzeko. Hori da lehentasuna. Bigarrenik, bilera bat eskatuko genioke aldundiari, 2021eko ekainerako eskola kirolean eta formakuntzan hiru urterako akordio bat hitzartu dezagun. Eta, hirugarrenik, praktika onerako manifestu bat bidaliko genieke klub guztiei; filosofia beraren parte izan behar dugu denok.

Zer mezu bidali nahiko zenuke hauteskundeen atarian?

Klubetatik, pertsonetatik sortutako ekimena da gurea, eta denentzat lan egingo dugu. Berritzailea eta ilusio sortzailea da gure proposamena, eta batasuna nahi dugu. Inor ez dugu kanpoan utziko, gure aldekoa izan edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.