Opera

OLBEk «bideraezina» ikusi du uneotan ‘Samson et Dalila’ opera taularatzea

Urtarrilaren 23an zen Camille Saint-Saensen obra estreinatzekoa Operaren Lagunen Bilboko Elkartea, Euskalduna jauregian. Baina osasun krisia dela-eta indarrean diren neurriengatik, ezinezkotzat jo du.

Gioachino Rossiniren 'Il turco in Italia' opera bertsio laburtuan estreinatu zuen OLBEk iragan azaroan. E.MORENO ESQUIBEL
Ainhoa Sarasola.
2020ko abenduaren 11
21:14
Entzun

«Egungo egoeragatik COVID-19aren pandemia kontrolatzeko osasun agintariek hartu behar izan dituzten neurriak direla eta, OLBEk bideraezina ikusten du Camille Saint-Saensen Samson et Dalila opera ematea, urtarrilaren 23, 26 eta 29rako eta otsailaren 1erako aurreikusia zegoena, lehen mailako artisten parte hartzearekin». Hala jakinarazi du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, ohar baten bidez. Azaldu duenez, aretoaren edukiera 400 ikus-entzulera mugatzeak, eta mugikortasunean zein ordutegietan ezarritako murrizketek «uneotan ezinezko» egiten dute bazkideak nahiz publiko orokorra emanaldietara joan ahal izatea. Halaber, elkarteak adierazi du ekoizpena prestatzeko nahiz entseguak hil honen bukaeran hasteko ezintasunek eraman dutela uneotan erabaki hori hartu behar izatera.

Bestalde, OLBEren ustez, «Euskaldunarekin eta Opera XXI Elkartearekin lankidetzan hartutako neurriek, posible egingo lukete edukiera handitzea, osasunerako segurtasun neurri guztiak betez». Elkartearen iritzian, antzokiak erakusten ari dira gune seguruak direla, eta gainera, Euskalduna jauregiaren dimentsioak aintzat hartuta —«beste espazio batzuekin alderatu ezin direnak»—, iruditzen zaio ez litzaizkiokeela edukiera muga berberak aplikatu behar. Kultura gizarte justuago eta libreago bat lortzeko funtsezko tresna dela sinetsita dago elkartea, eta horregatik, Bilbok operaren arloan nazioarteko erreferente izaten jarrai dezan lanean segituko duela gaineratu du oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.