euskara

Lesakak bat egin du Uemarekin

Urte amaierako Batzar Nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Nafarroako herrian bertan.

Uemako kideak, Lesakan eginiko batzarrean. UEMA
jon olano
2020ko abenduaren 12a
13:28
Entzun

Beste kide bat du gaurtik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak: Lesaka (Nafarroa). Uemara batzeko eskaria egina zuen udalak urriaren 29ko osoko bilkuran, eta Uemaren Batzar Nagusian eman diote oniritzia. Uemako Zuzendaritza Batzordea eta mankomunitateko kide diren Nafarroako hamalau udaletako ordezkariak batu dira gaur Lesakan bertan, eta gainerako kideek online hartu dute parte batzarrean; ehun bat alkate eta zinegotzik.

Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, «herri euskalduna» da Lesaka: «Naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara». Horren aurrean, Uemaren «esperientzia» baliatu nahi dute, «herritarrak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko Uema bidelaguna da».

Aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013. eta 2015. urteen artean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea.

Duela bi legegintzaldi, EH Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea, eta haren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioan zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenesteari «diskriminatzaile» iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Udalbatzako atzoko bozketan abstentziora jo zuen Geroa Baik. Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera.

250.000 biztanletik gora

Horrela, Uemako 88. udalerria bihurtu da Bortzirietako herria. Lesaka gehituta, gainera, Bortzirietako udal guztiak dira orain mankomunitateko kide. Uemako kide guztien artean 250.000 biztanle baino gehiago bizi diren eremu bat osatzen dute.

Lesakaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021erako egitasmo nagusiak ere onartu dituzte batzarkideek. 2020ko balantzeari dagokionez, udan Uemak, 61 udalek eta bost garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu dute, «landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik». 

2021erako onartutako egitasmoetan, udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko ekimenez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu dituzte. Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak. Bestetik, ikerketa arloa: kale erabilera neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, edota haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa. Hirugarrenik, Uemak bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu dute. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izango da zerbitzu berria, betiere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadin bermatu ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.