404 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Nafarroako Gobernuak baheketak eginen dizkie zahar etxeetako langileei hamabostean behin

PCR proba bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 14a
12:45
Entzun

Osasunbideak eta Osakidetzak goizean emaniko datuen arabera, COVID-19aren positibotasun tasa %6koa da Hego Euskal Herrian. Atzo, 6.722 proba diagnostiko egin ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan (PCR eta antigenokoak), eta horietatik 404k eman dute positibo.

Herrialdeka, Nafarroa da positibo kopuru apalena erregistratu duena: 68, bezperan baino 25 gutxiago; Araban 71 atzeman dituzte (25 gutxiago), Bizkaian 145 (71 gutxiago) eta Gipuzkoan 115 (34 gutxiago).

Detektatutako kasuen kopurua larunbatekoa baino askoz txikiagoa da, baina positibo tasa ez da murriztu: aitzitik, gora egin du apur bat, %5,8tik %6ra, askoz proba gutxiago egin zirelako atzo (larunbatean baino 2.751 gutxiago, zehazki).

Osakidetzak jakinarazi du, bestalde, 26 pertsona ospitaleratu zituztela atzo COVID-19arengatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 112 paziente larri daudela ZIUetan. Nafarroako Gobernuak datozen orduetan emanen du ospitaleen egoeraren berri.

Baheketak zahar etxeetan

Eguneko datuez gain, Nafarroako Gobernuak iragarri du baheketak eginen dituela zahar etxeetako langile soziosanitarioen artean, hamabostean behin. Datorren astean hasiko dira probak egiten erkidegoko egoitzetan lan egiten duten 5.100 profesionalei. Osasun Departamentuko eta Gizarte Eskubideetako Departamentuko arduradunen esanetan, neurri «aitzindaria» da, eta «eremu soziosanitarioa babestea» du helburutzat.

Hamabost egunean behin eginen dituzte PCR probak, bi hilabetez, eta, ondoren, ebaluatu egingo dituzte. 112 zentrotan eginen dituzte baheketak, adinekoen egoitzak, desgaitasunekoak eta buruko osasunekoak aintzat hartuta. Hiru zentro publikoko 500 langileri eginen dizkiete lehen probak: Iruñeko El Vergel, CAIDIS San Jose eta Lizarrako Santo Domingokoei, hain zuzen. Bestalde, Iruñeko Xabierko Frantzisko zentro psikogeriatrikoan ere eginen dute baheketa, baina COVID-19aren agerraldi aktibo bat dutenez, izurria amatatu eta bi astera hasiko dira. Egunotan, protokoloari jarraikiz, Osasun Departamentuak astero egiten dizkie PCR probak hango langileei. Nafarroako Gobernuak 1,64 milioi euroko inbertsio gehigarria egin du egitasmoa martxan jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.