Nigeria

Ehunka ikasle desagertuta daude Nigerian, eraso baten ostean

Talde armatuek ikastetxe bati eraso egin zioten ostiralean, Nigeria iparraldeko Kankara hirian, eta harrezkero desagertuta daude berrehun ikasle baino gehiago, herrialdeko agintariek jakinarazi dutenez. Gertakariaren momentuan zortziehun ikasle baino gehiago zeuden, baina horietatik laurehun aske daude.

Armadako tropak Katsina estatuan, Nigeria iparraldean. GEORGE ESIRI / EFE
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 14a
13:15
Entzun

AK-47 errifleak eskuan zituztela, bigarren hezkuntzako ikastetxe batera sartu ziren erasotzaileak, joan den ostiralean, Nigeriako Katsina estatuko Kankara hirian. Airera tiroak jaurti zituzten, eta segurtasun zaindari bat zauritu zuten. Ordutik, desagertuta daude institutu horretako berrehun eta laurehun ikasle artean, Badamasi Charanchi Katsina estatuko hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez.

Agintariek bahiketa masibo baten traza hartu diote gertatutakoari. Desagertutako ikasle kopurua ez dago argi oraindik. 884 ikasle dituen mutilentzako ikastetxe batean izan zen erasoa, eta gertakariaren momentuan 800 inguru han zirela diote zenbait irakaslek. Desagertutako ikasleetatik 400 inguru lokalizatu dituzte dagoeneko. Charanchik azaldu duenez, ikasleak desagertutako tokira bertara itzultzen ari dira.

"Oraindik ez dakigu, zehazki, zenbat diren desagertutako eta bahitutako ikasleak", adierazi du Aminu Bello Masari Katsina estatuko gobernadoreak. Erasotzaileen inguruko informazio zehatzik ere ez dute, zehaztu duenez: "Inongo talderik ez da jarri gurekin harremanetan, erasoaren egiletzaren berri emateko edo eskariak egiteko". Desagertutakoen gurasoei "pazientzia" eskatu die gobernadoreak, eta ikasleak erreskatatzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela ziurtatu die, erasotako ikastetxearen kanpoaldean egindako prentsaurreko batean. Masariren arabera, erasoaren egileak Zango/Paula baso eremuan daude gotortuta, eta armada haien aurka borrokan ari da, airez eta lurrez.

Nigeriako presidentetzaren Twitter kontutik mintzatu da Muhammadu Buhari herrialdeko presidentea. Segurtasun indarrei "erasotzaileak neutralizatzeko, ikaslerik ez zauritzeko eta ez desagerrarazteko" eskatu diela adierazi du.

Herrialdetik kanpoko erakundeen artean ere ezinegona eragin du gertakariak. Amnesty International izan da hitz egin duen lehenetarikoa. Erakundeak "irmoki gaitzetsi" du erasoa, eta dei egin die Nigeriako agintariei "ikasleak modu seguruan eta berehala erreskatatu ditzaten". Bestalde, landa eremuetan hezkuntzarako eskubidea bermatzeko neurriak ezar ditzaten eskatu du, egun "gaizkileen erasoen" bazka baitira inguru horiek, erakundearen arabera. "Gobernuaren akatsek gizon armatuen esku utzi dituzte landa komunitateak. Kankarako bahiketak gobernuaren babes falta are gehiago erakusten du", adierazi du Amnistia Internazionalak, ohar batean.

Indarkeriaren gorakada, landa eremuan

Urtea hasi zenetik hona, Nigeriako ipar-ekialdean areagotu egin dira talde armatuen erasoak. Kaduna, Katsina, Niger, Plateau, Sokoto, Taraba eta Zamfara estatuetako egoeraz ohartarazi du, bereziki, Amnesty International taldeak. Erakunde horrek abuztuan ezagutarazi zuen txosten baten arabera, inguru horietan gutxienez 1.126 lagun hil dira halako erasoetan aurten.

Nigeria barnean gatazka armatuak bizien dauden estatuak dira horiek. Milizien, talde armatuen eta jihadisten arteko enfrentamenduak ohikoak nahiz erasoak ohikoak bihurtu dira. 2011tik hona, 8.000 lagun hil dira halako erasoetan, International Crisis Group erakundearen arabera, eta 200.000 desplazatu izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.