Europa Liga

Reala-Manchester United final-hamaseirenetan

Otsailaren 18an izango da joanekoa, Donostian, eta itzulikoa 25ean, Manchesterren. Bigarren aldiz ariko dira elkarren aurka Europan; aurrenekoa 2013-2014ko denboraldian izan zen, Txapeldunen Ligan.

Bruno Fernandes da Unitedeko izarretako bat. EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 14a
13:40
Entzun

Realak aurkari historikoa izango du Europa Ligako final-hamaseirenetan: Manchester United. Eguerdian egin da zozketa, eta Ingalaterrako klub mitikoarekin parekatu du Reala. Otsailean izango da kanporaketa, eta joaneko partida Donostian jokatuko dute, hilaren 18an (18:55ean); itzulikoa, Old Trafford zelai historikoan, astebete geroago (21:00ean). Txapeldunen Ligatik dator United, hirugarren geratu baitzen H multzoan, PSG eta Leipzigen atzetik.

Ingalaterrako ligan ez dago onenean, zortzigarrena baita: Tottenham liderrak bost puntu ateratzen dizkio. Sei partida irabazi ditu, bi berdindu eta hiru galdu; 19 gol sartu ditu, eta 17 galdu. Entrenatzailea Ole Gunnar Solskjaer norvegiarra da, taldeko jokalari bikaina izandakoa. Hainbat jokalari ezagun ditu: David de Gea atezaina, Harry Maguire erdiko atzelaria, Paul Pogba eta Bruno Fernandes erdilariak, eta Marcus Rashford eta Edinson Cavani aurrelariak.

Palmares handia eta oparoa dauka: 20 aldiz irabazi du liga, hirutan Txapeldunen Liga, eta behin Europa Liga.

Bigarren aldiz lehiatuko dira elkarren aurka Reala eta Manchester United Europan. Aurrenekoa Txapeldunen Ligan izan zen, 2013-2014ko denboraldian, multzoen fasean. Old Trafforden ingelesek irabazi zuten (1-0), eta Anoetan hutsean berdindu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.