Txertoa ematen hasi dira AEBetan

New Yorkeko Queens auzoko erizain batek hartu du lehen dosia. Pfizer eta Biontech enpresek ekoitzitako txertoaren ia hiru milioi dosi banatu nahi dituzte kanpainako lehen egunetan.

Sanda Lindsey, AEBetan txertoa hartu duen lehen pertsona. MARK LENNIHAN / POOL
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 14a
16:59
Entzun

Txertaketa kanpainari ekin diote AEBetan, txertoa herrialdeko 600 lekutara iritsi den egun berean. Sandra Lindsay izan da lehena txertoa hartzen, New Yorkeko Queens auzoko ospitale batean lan egiten duen erizain bat. Hain justu, izurriak gogorren jotako auzoetako bat da Queens. "Espero dut gure historiaren atal oso mingarri baten amaieraren hasiera izango dela hau", adierazi du Lindsayek, txertoa hartu eta segidan egindako adierazpenetan.

Izan ere, hedabideez inguratutako ekitaldi batean hartu du txertoa erizainak. New York estatuko gobernadore Andrew Cuomok agerraldia egin du, lehen dosi hori banatu eta berehala. "Sinetsita nago gerra amaituko duen arma izango dela", adierazi du. Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak Twitter bidez iragarri du txertaketa kanpaina hasi dela: "Lehenengo txertoak ezarri dira. Zorionak AEBei! Zorionak munduari!".

Ostiralean onartu zuten Pfizer eta Biontech enpresek sortutako txertoaren komertzializazioa. FDAk egin zuen, herrialde horretako medikamentuen merkaturatzea arautzeaz arduratzen den organismoak. Txertaketarako 600 leku ezarri dituzte herrialde osoan, eta horietan txertoa banatzen hasi ziren, FDAren baiezkoa jaso eta berehala. Leku horietako batzuetara gaur heldu dira lehen dosiak, eta datozen egunetan iritsiko dira gainerakoak. Guztira, 2,9 milioi dosi banatu nahi ditu gobernuak datozen 21 egunetan. Osasun langileak, osasun arloan lan egiten dutenak eta adinekoen zaintzan aritzen direnak izango dira lehenak. 

Pandemiaren une gogorrenetako batean hasi dute txertaketa kanpaina AEBetan. Eguneko 200.000 kutsatu inguru izan dira azken egunetan, eta egun bakarrean 3.000 hildako ere izan ziren joan den astean. Hamasei milioi lagun baino gehiago kutsatu dira herrialdean izurria iritsi zenetik, eta ia 300.000 lagun hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.