Gipuzkoako zahar etxeetako hitzarmen proposamena egin diote ELAk eta LABek patronalari

Gipuzkoako Foru Aldundiari esku hartzeko eskatu eta gero, patronalari ere zahar etxeetako aferan duen “ardura har dezala” exijitu diote bi sindikatuek.

ELA eta LABen elkarretaratzea Donostiako udaletxe parean, aurreko astean. JON URBE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 15a
12:45
Entzun

ELA eta LAB sindikatuek agerraldi bateratua egin dute gaur goizean Lan Harremanen Kontseiluak Donostian duen egoitzan. Bertan, akordio proposamen bat erregistratu dute, “sektorearentzako onuragarriak diren herrialdeko hitzarmenaren edukiak” dituena. Izan ere, aurreko asteko mobilizazioetan udalei eta aldundiari auzian esku hartzeko eskatu zieten bezala, patronalari ere “erantzukizunez” jokatzeko exijitu diote, eta urratsak egiteko ere bai, sektoreko gatazkari behin betiko amaiera emateko.

Adegik, Matia 2020k, Laresek eta ACGGk osatzen dute patronala Gipuzkoako egoitzen auzian; guztiak “interpelatu” nahi izan dituzte. “Azkenean, hitzarmena haiekin negoziatu behar da, eta gurekin jarri eta negoziatu dezaten nahi dugu”, adierazi du LABeko Leire Ormazabalek. Txomin Lasa ELAko eledunak salatu du enpresek orain arte ez dutela erakutsi negoziatzeko “inolako borondaterik”, eta “aitzakiak” erabili izan dituztela: “Esaten dute aldundiek ematen duten dirua jarriko dutela mahai gainean, eta haiena dela ardura. Aldundiak, aldiz, kontrakoa esaten du, sindikatuok eta patronalek adostu behar dugula eta gero finantzatuko dutela beraiek. Ardura pasatzen ari zaizkio elkarri, ez dute benetako borondaterik. Hori horrela, patronalei soilik ez, aldundiari ere mintzatu zaizkio berriro, eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu diote, gatazka amaitu dadin.

“Benetako negoziazio” baten zain

Lau urte dira sektorean negoziazio mahaia eratu zela, baina sindikatuek salatu dute “benetako negoziaziorik” ez dela egon tarte honetan. Kexu azaldu dira patronalek UGT sindikatuarekin sinatutako akordioarekin, sindikatu horrek negoziazio mahaian %10eko ordezkaritza baino gutxiago baitu: “Akordio oso oinarrizkoa sinatu zuten, soldatari dagokiona soilik. Eta, gainera, arazo handiak daude akordio hori betetzeko, langile askok ez dute kobratu akordioan jarritakoa”, azaldu du Ormazabalek. Lasa bat etorri da, eta gehitu du “beren nahiak batere asebetetzen” ez dituen akordio bat dela.

Horiek horrela, gatazka konpontzen ez den bitartean mobilizazioetan jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.