Hegazkigintza

Hegazkingintzako laguntza publikoei enpleguaren inguruko baldintzak ezartzea eskatu du LABek

Sektoreari «txeke zuririk» ez emateko eskatu die erakundeei, eta kaleratzeak eragozteko neurri «koiunturalak» hartzeko enpresei

ITP Aero PCBko langileek manifestazioa, lan erregulazio espedientea salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 15a
13:11
Entzun

LAB sindikatuak «urrats berri eta ausartak» eskatu ditu Euskal Herriko hegazkingintzaren sektorean gertatzen ari diren «enplegu deuseztatze gupidagabeari» aurre egiteko. Erakunde publikoak patronalarekin «lerrokatuta» ikusten ditu, eta salatu du ez dutela herritarra defendatzen. Hala, sindikatuak neurri zehatzak proposatu dizkie enpresei eta erakunde publikoei, kaleratzeak eragozteko.

«Urte luzeetan metaturiko aberastasuna eta jasotako diru laguntza publikoak» trantsizio honetan eta «pertsonengan» inbertitzeko eskatu die enpresei. Sindikatuaren ustez, badaude nahikoa tresna egoera koiuntural honetan kaleratzeak eragozteko: «Bada garaia lana banatzeko estrategia martxan jartzeko, eta horrek lanaldiari buruz hitz egitea dakar». Izan ere, eta sindikatuaren iragarpenen arabera, hegazkingintzaren krisi honek iraupen jakin bat izango du, eta enpresak egoera «baliatzen» ari dira lantaldeak murrizteko.

Erakunde publikoei, berriz, eskatu diete sektoreari «txeke zuririk» ez emateko; alegia, laguntza publikoei ezarritako baldintzak zorrozteko, eta diruaren erabilera «arduratsua» egiteko. Hala, enpleguarekin loturiko hainbat baldintza proposatu ditu: azken urtean langileen %5 kaleratu dituen enpresei laguntzarik ez ematea, edota kaleratzeak egiten badituzte laguntzak itzultzera behartzea. Deslokalizazioen kasuan, berriz, epe hori luzatzea proposatu du; alegia, azken bost urteetan jasotako diru laguntzak itzultzeko obligazioa ezartzea.

Sindikatuen datuen arabera, sektoreak 15.000 langile baino gehiagori ematen die enplegu Euskal Herrian, eta emakumeen presentzia industria sektoreko batezbestekoen gainetik dago. Industrian, batezbesteko hori ez da %20ra iristen; Alestis enpresan, aldiz, langileen erdiak emakumeak dira; Aernnovan, %32; eta ITP Aero PCBn, %20.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.