'BATERAGUNE AUZIA'

'Bateragunekoen' aldeko mobilizaziora deitu dute larunbaterako

Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik deitu dute protestara, larunbat eguerdirako, herri guztietan.

Bateragune auziko bostak, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 16a
17:31
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean erabaki zuen berriro egitea Bateragune auziko epaiketa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi eta gero Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek ez zutela epaiketa justurik izan.

Erabaki horren harira, mobilizaziora deitu dute alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugarik. Larunbaterako deitu dute protestara, 12:00etan, herri guztietan, Demokrazia lelopean. ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu, Ezker Anitza, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat dira deitzaileak.

Deitzaileen arabera, erabakiaren «larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa» eragin du eragileen artean, eta «herri, gizarte eta kultur eragile guztiei» eskatu diete bat egiteko deialdiarekin. Uste dute Auzitegi Gorenaren erabakiak «kezka handia» eragin duela, «oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean».

2009ko urrian atxilotu zituzten auzipetutakoak, ETAren aginduetara Batasuna berreraikitzen saiatzea egotzita, eta 2011n epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete zituzten Gorenak 2012an berretsitako zigorrak —31 urte guztira—. Gorenak berak zigor horiek baliogabetu zituen udan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.