Sagardoa

Sagardogileek 15 milioi euro galdu dituzte aurten

Euskal Sagardoa jatorri izeneko ekoizleek azaldu dutenez, ostalaritzari jarritako debekuen eragina oso handia izan da. Produkzioa era txikiagoa izan da: iazkoaren herena.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardo batzuk. INFOTRES
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 16a
17:54
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileek 1,1 milioi litro egin dituzte Euskal Sagardoa sor-markarekin aurten. Iazkoaren herena da hori. Horrez gain, sektoreak 15 milioi eurotik gorako galerekin amaituko du urtea, COVID-19aren ondorioz txotx garairik ezin izan dutelako egin eta ostalaritzari ezarritako murrizketengatik. 2021ekoa noiz eta nola jorratu ari dira aztertzen.

Euskal Sagardoaren arduradunek azaldu dutenez, bazekiten aurtengo uzta 2019koa baino urriagoa izango zela, baina «espero baino txikiagoa» izan dela azpimarratu dute; hotz falta eta uda lehorra izan direla argudiatu dute. Ia 2 milioi kilo sagar bildu dituzte, eta 1,2 milioi litro produzitu.

«Hain uzta txikia izateko urterik egokiena izan liteke aurtengoa, datorren urteko salmentak zenbatekoak izango diren ez baitago garbi, baina aurrerantzean uztatik uztara horrelako aldeak egoteak asko kezkatzen gaitu», azaldu dute.

2021eko txotx garaia

Martxoan txotx garaia bertan behera uzteak eta udaberrian eta udazkenean ostalaritza itxita egoteak «galera handiak» eragin dizkio sektoreari: 15 milioi eurotik gora, sagardogileek azaldu dutenez.

Osasun krisiak bere horretan jarraitzen duela kontuan hartuta, datorren urtean ere debekuak eta murrizketak izango direla uste dute. Hori dela eta, adierazi dute sagardoaren sektoreak urtarrilean bertan baloratu eta hartu beharko duela txotx garaiari buruzko erabakia. Protokolo proposamen bat prestatzen ari dira, unean uneko egoerara egokitzeko.

Salmentei begira, Euskal Sagardoa jatorri izeneko produktuak Internet bidez saltzeko plataforma bateratu bat jarri dute abian. Bezeroek etxean jasoko dituzte eskaerak, eta hainbat aukera izango dituzte: adibidez, kaxa berean sagardo mota eta marka ezberdinak nahastekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.