Koronabirusa

​​​​​​​Adituak, neurriak gogortzearen alde

Miren Basaras, Rafael Bengoa eta Ignacio Lopez-Goñiren iritziak jaso ditu BERRIAk. Hirurak neurri «zorrotzagoen» aldekoak dira, hirugarren olatuari errazago aurre egin ahal izateko.

Iruñeko taberna bateko terraza. IñIGO URIZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko abenduaren 16a
19:18
Entzun

Agintarien mezuek ongi islatzen dute izurriaren egoera kezkagarria dela, eta datozen asteotan hartzen diren neurrien araberakoa izango dela hirugarren olatuaren oldarraldiaren indarra. BERRIAk kontsultatu dituen adituek ere argi dute: hirugarren olatua etorri etorriko da, baina orain neurriak arintzen badira, askoz ere larriagoa izango da. «Hirugarren oldea iritsiko zaigula ziurra da, baina kontua da nola nahi dugun olatu hori ailegatzea, hau da, zein gogortasun edo kaltegarritasunarekin». Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakasleak ez du zalantzarik koronabirusaren kutsatze kurba apaltzeko, zorroztu egin beharko direla neurriak: «Ezinbestean izan behar dute zorrotzagoak, bestela ez dugu hirugarren olatua kontrolatuko eta ospitaleratzeek gora egingo dute izugarri».

Egungo egoera epidemiologikoari kezkaz begiratzen dio Basarasek, datuak ez direlako onak: «Antzeko egoeran geunden urri hasieran, neurri zorrotzagoak ezarri zirenean. Positiboen jaitsiera ez da izan espero genuen bezalakoa». Basarasek koronabirusak hildakoen azke datuetan jarri du arreta–gutxienez 115 lagun hil dira astebetean Hegoaldean–, eta horri lotuta egin du gogoeta: «Kontuan hartu behar dugu positiboen kopuruak gora egiten duen heinean ospitaleratzeak ere gehiago izango direla datozen asteetan, geroz eta gaixo gehiago egongo direla ZIUetan eta, zoritxarrez, hildako kopuruak ere gora egiten jarraituko duela».

Positibo kopurua beheratzeko «tresna bakarra» mugimendua murriztea dela uste du Basarasek. Eta Eguberriei begira, ohar bat: «Gure familia unitatea ez direnekin harremanak ugaritzea arriskutsua izan daiteke».

Gabonetaz argi eta irmo mintzatu da, halaber, Rafael Bengoa osasun politiketako nazioarteko aholkularia: «Hirugarren olatuaren astinaldia oso gogorra ez izatea nahi badugu, neurriak zorroztu behar ditugu. Garaiz gaude oraindik». Bengoak uste du Europako hainbat herrialdek neurriak zorroztera egin badute ere, Espainian eta Hego Euskal Herrian politika «leunagoak» lehenetsi direla eta horrek ondorioak ekar ditzakeela: «Izurriaren bigarren oldearen aparrak desagertu gabe etor liteke hirugarren bat». Hori gertatu ez dadin, baina, Gabonak dira gakoa, eta iragarritako neurriak gogortzea beste biderik ez du ikusten Bengoak. Hiru aipatu ditu: ostalaritza ixtea, joan-etorriak erkidego barrura mugatzea, eta Eguberrietan «nork bere buruari murrizketak» ezartzea.
Murrizketak indartzearen aldekoa da Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologiako doktorea ere. Zurrun, gainera: «Ikuspuntu epidemiologiko batetik, gomendagarriena da dena erabat ixtea».  Uste du, munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, Europan birusarekin elkarbizitzea erabaki dela, neurriak aldiro malgutuz eta zorroztuz, eta hori ez dela «biderik egokiena». Lopez-Goñik ohartarazi du hirugarren oldearen astindua latza izan daitekeela, eta txertoaren bitartez herritarrak immunizatuta egon arte birusarekin «kontu handiz» ibili beharko dela: «Bestela, negua hondamendia izan daiteke, sarraski erabatekoa».

Aditu guztiak bat datoz: Eguberriak salbatzea helburu jartzea akatsa da. Eguberriak ospatzea posible dela uste du Lopez-Goñik, baina argi izanda birusa kontrolpean izateko «erantzukizunez» jokatu beharra dagoela. Basaras: «Bizitza eta osasuna dira lehentasunak». Bengoa: «Gabonak baino, bizitzak salbatu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.