'Brexit'

‘Brexit’-erako akordioa gertuago dagoela esan du Europako Batzordeak

Desadostasunetako bat gainditu dutela iragarri du Von der Leyenek, baina onartu du urrun daudela arrantzan. Londres, ez dago hain baikor

Von der Leyen, gaur, Europako Parlamentuan. JOHN THYS / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 16a
19:46
Entzun

Brexit-ari buruzko akordio baten inguruko hotsak bolumena hartzen ari dira. Akordioa egon badagoela iragartzera iritsi ziren sare sozialetako mezu batzuk, baina berehala ukatu zituzten beste iturri batzuek. Edonola ere, akordio baterako giroa berotu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak berak, esan baitu desadostasun nagusietako bat konpontzeko bidean jarri dela.

Von der Leyenek eurodiputatuei esan dienez, tresna bat adostu dute bi aldeek lan, ingurumen, eta estatu laguntzen araudietan atzerapausorik izan ez daitezen. Bruselaren eskaera nagusietako bat da hori, ez baitizkio bere merkatu handiaren ateak zabaldu nahi araudi malguagoekin merkeago ekoitziko lukeen bazkide bati. «Ez dakit ituna izango den ala ez, baina esan diezazuket badela akordiorako bide bat, meharra bada ere».

Tonu baikor hori apalagoa izan da Londresen. Boris Johnson lehen ministroak «zentzuz» jokatzeko eskatu die EBko «adiskideei», eta haren bozeramaile batek errepikatu du akordio bat ez izateko aukera handia zela. Aldi berean, Erresuma Batuko Gobernuak ohartarazi die diputatuei prest egoteko, eguberrian parlamentuko saio bereziak egon daitezkeelako itun bat bozkatzeko.

Itun horretarako oztopo nagusia arrantza dela iradoki zuen Von der Leyenek, gai horretan eztabaida «oso zaila» delako. Reutersen arabera, Bruselak ez du onartu Londresen azken proposamena, hots, hiru urteko epe batean EBko ontziak Ingalaterrako eta Eskoziako ur aberatsak uztea.

Hain zuzen ere, brexit-erako akordiorik ez egoteak trabatu egin du EBko Arrantza ministroak ados jartzea kuoten banaketari buruz. Izan ere, legatz, oilar eta zapo kuoten zati handi bat Londres menpeko uretan egiten da. Euskal itsasontzi gutxi dabiltza hango uretan —Ondarroako hiru baizik ez—, han dituzten kuotak gertuagoko uretakoekin trukatzen dituztelako. Baina, akordiorik ez badago, orain batez ere Ingalaterran ari diren asko Bizkaiko Golkora etortzea da euskal arrantzaleen kezka.  

Bazkide handia Euskal Herriarentzat

Erresuma Batua aurten atera da ofizialki Europako Batasunetik, baina haren merkatu bakarrera lotuta jarraitzen du, behin-behinean. Trantsizio hori, ordea, abenduaren 31n bukatuko da, eta luzatzeko aukerarik ez dago honez gero. Bi aldeak hilabeteak daramatzate negoziatzen zer nolako merkataritza harremana izango duten urtarrilaren 1etik aurrera. Johnsonen gobernuak baztertu egin dituenez Erresuma Batuak merkatu bakarrean jarraitzeko aukerak, merkataritza itun bat da orain mahai gainean dagoen aukera bat. Lortuko balitz, muga-zergarik ez litzateke izango bi blokeen artean, eta horrek ahalbidetu egingo luke gaur egungo harreman estuak eta produkzio kateak neurri handi batean jarraitzea. Hori bai, mugetan kontrolak izango lirateke, eta burokrazia handituko litzateke esportatzaileentzat.

Beste aukera da akordiorik ez egotea; kasu horretan, MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauen araberako harremana izango lukete EBk eta Erresuma Batuak. Horrek muga-zergak ekarriko ditu, ekoizpen kateak urratzea, bien arteko harremana txikitzea eta, agian, finantza astindu bat ere.  

Berri txarra izango litzateke euskal enpresentzat, Erresuma Batua Erresuma Batua bazkide komertzial handienetan hirugarrena delako. Iaz, Hego Euskal Herrien esportazioen %8,4 joan ziren hara, ia 3.000 milioi euro; inportazioak gutxiago dira, %2,9 edo 750 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.