Bartzelona 2-1 Reala

Realak galdu egin du Bartzelonaren zelaian, eta madarikazioak iraun egiten dio

Porrotarekin, hiru hamarkada osatu ditu Camp Noun irabazi gabe. Lehen zatian nagusi izan dira etxekoak; bigarrenean estutu egin dute txuri-urdinek. Adnan Januzajek min hartu du.

Igor Zubeldia eta Martin Braithwaite, baloi baten jabe egin nahian. EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 16a
23:06
Entzun

Badira leku batzuk madarikatuak direnak. Halako tokietan gozatu gutxi izaten da. Horixe gertatzen zaio Realari Camp Noun: donostiarrek 30 denboraldi egin dituzte Bartzelonari bere etxean irabazi gabe, eta hala izango da beste sasoi batez. Gaur aurretik jarri da, eta amaieran estutu du, baina kale. Ohitura lege bihurtu da jada.

Etxeko taldeak bere legea ezarri du beste behin, baina ez da erabat eroso aritu. Hasieran bai, nagusitasunez jokatu ditu lehendabiziko minutuak. Une oro Realaren zelai zatian izan du baloia. Kataluniarren erauntsia izan da, eta hari neurria hartu ezinik aritu dira bisitariak. 

Bartzelonak idatzi du norgehiagokaren gidoia, baina ate aurrean sobera estutu gabe. Halaxe igaro da lehen ordu erdia, harik eta Realak kolpea jo duen arte. Idortasun une hori baliatu du Imanol Alguacilen taldeak bere estreinako aukeran gola egiteko. Ordura arte ez da gerturatu Ter Stegenen atera, baina egin duen aldi bakarrean aurretik jarri da markagailuan.

Natxo Monrealek ondo borrokatutako baloiak kornerrean amaitu du. Geldikako jokaldi horretan Cristian Porturi heldu zaio baloia, eta espainiarraren jaurtiketa Robin Le Normandi iritsio zaio. Atzelariak ahal zuen eran jo du, eta Portuk jaso du, berriz ere. Hura azti ibili da; Willian Jose ikusi du bigarren zutoinean, eta brasildarrak ez du barkatu. 28. minutuan aurretik zen Reala.

Markagailuko abantaila arnas pixka bat hartzeko baliatu nahi izan dute donostiarrek, baina kale. Bi minutu igaro orduko berdinketaren gola egin du Jordi Albak. Kataluniarrak Messiren pasea jaso du area barruan, eta eskuinez egindako jaurtiketak sareetara joan da. Poz laburra izan da Realarena. 

Zigor bikoitza izan da, gainera. Bartzelona suspertu egin du gol horrek, eta etenik gabe jo du erasora. Antoine Griezmannek eta Martin Braithwaitek bi aukera argi izan dituzte aurretik jartzeko; langara bota du baloia Zubietan hezitakoak. Zerura, Danimarkarrak. Asko ari zen barkatzen Ronald Koemanen taldea, baina aurki islatu du nagusitasuna markagailuan, Frenkie De Jongek lehen zatia amaitzear zela bigarren eginda. Hasiera batean epaileak jokoz kanpokoa adierazi badu ere, baleko iritzi dio gero. 2-1.

Bartzelona nagusi izan da lehen zatian, eta atsedenalditik bueltan aldaketa beharrean izan da Reala. Asmo horrekin ekin zion bigarren zatiari, eta ordura arteko minuturik onenak jokatu ditu. Garaitsu horretan min hartu du Adnan Januzajek, eta Robert Navarro sartu du Imanolek: kataluniarrak debuta egin du Realarekin.

Gutxika aurrerako urratsa egin du Realak, jokoaren pisua bere gain hartuz. Minutu onak jokatu ditu, baina eraginkortasunik gabe. Alexander Isakek 72. minutuan izandako aukera, kasurako; zehaztasun gutxi izan du suediarrak, eta partidaren hondarrean Willian Joseri gelditu bikoitza egin dio Ter Stegenek. Nagusi izan arren ezin izan du markagailua orekatu Realak, eta esku hutsik amaitu dhçu partida. Sarri errepikatutako epigrafea izan du partidak: «Hurrena beharko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.