Sormene

Ahotsa jarri eta ahotsa eman

Hainbat literatur lan aurkeztu dituzte Sormenen; besteak beste, Miren Amurizaren eta Eider Eibarren Kokonutt, Yolanda Arrietaren Txokolãtegia eta 24 idazle gazteren Izotzetatik islatuak testu bilduma. Eñaut Elorrietaren kontzertu goxo batekin bukatu dute larunbateko egitaraua.

Andoni Imaz.
2020ko abenduaren 18a
12:53
Entzun

«Heldu batek haur bati ahotsa jartzen dionean, gehien-gehienez iritsi daiteke haur baten plantak egitera; inoiz ez du haur batek egingo lukeen moduan egingo». Hori uste du Miren Amuriza bertsolari eta idazleak. Inguruan sarri entzuten du zein garrantzitsua den haurrei ahotsa ematea, eta aldarri hori ozendu egin da aurten, konfinamenduaren garaian-eta, baina igartzen du espazio publikoan jartzen dituztenean ere umore kode baten barruan egoten direla beti, helduen entretenigarri. Horregatik, plantarik egin gabe umea den ume baten ahotsetik idatzi du liburu bat, Eider Eibarrek ilustrazioekin osatua: Kokonutt (Elkar). Atzo aurkeztu zuten, Sormeneko ekitaldi batean, Galdakaoko Torrezabal aretoan (Bizkaia). Emanaldi guztiak BERRIAren webgune berezian ikus daitezke zuzenean.

Umore «garratz, zorrotz eta umoretsu bat» sortu dute, Amurizaren hitzen eta Eibarren irudien bidez. Konfinamenduan ondu zuten lana, baita sasoi hartan girotu ere. Liburuan, idazleak ume batekin egiten du topo Iparraldeko hiri hotz batean, helduz jantzitako ume batekin. Doretta da bera, 7 eta 11 urte arteko haurra, ez baitzaio gustatzen duen adinaz zehatz hitz egitea. Etxean, baina, Doretta izatetik Kokonutt izatera igarotzen da: alter ego artistikoa.

Haren begietatik jasotako mundua haren eskuz idatzita bezala kontatu du Amurizak. Kokonuttek duen ikuskera berezi horretatik deskribatu zituen atzoko aurkezpenean haren guraso dibortziatuak, bere ametsen aurka konspiratzen duen ama, eta pantailaz bestaldetik planak proposatu eta proposatu ari den aita; iragan misteriotsuko aitona «mukerra»; Pantera Rosa bizilagun erakargarria. Bitartean, Eibarrek marraztu egin zituen banan-banan.

«Umeeraz» idatzitako lan bat dela esan zuen, eta Eibarrek ere antzeko ariketa bat egin zuen marrazterakoan: «Gogoratzen dut zer sentitzen nuen umetan, eta saiatzen naiz haur horrek sentituko duena imajinatzen eta hori bilatzen», azaldu zuen.

Haien atzetik, plantarik egin beharrik gabe aurkeztu zuen Yolanda Arrietak Txokolãtegia gazte literaturako liburua (Denonartean), parean baitzuen protagonistaren adin bertsuko gazte bat, Nora Jambrina, eta hark gidatu baitzuen saioa. Idazleari azaldu zion zergatik iruditu zitzaion liburua horren berezia: «Nik liburu asko irakurri ditut, baina txokolateari buruz hainbeste sakondu duen libururik ez dut ezagutu».

Arrieta bera txokolatezalea da, eta txokolatezale guztiak konplizetzat dauzka. Jakin nahi zuen zer dagoen jaki gozoaren atzean: «Ikusi nuen atzean kakaoa dagoela, eta horren atzean kakao asko dagoela, nahaste-borraste handia». Egon, gauza ugari daudela ikusi zuen: mitologia, ekonomia, historia, gizarte egiturak. Baina berehala sumatu zuen zerbaiten falta: txokolate maistrarik ez zegoen. Horrela ekin zion, besteak beste, historiako gizarte rolei buruzko istorio bat sortzeari. Txokolategile ofizioa ikasi nahi duten bi ahizpa daude XIX. mendean, Dona eta Lili, eta Iga etorkizuneko ikerlariaren bisita jasoko dute.

Jambrinak kontatu zuen garai hartan inork ez zuela gogoan gizarte arauak haustea, eta Igak denboran egindako saltoak galdearazten diela euren buruari: «Zergatik ez?». Denbora jauzi horiekin eta harrien magiarekin, Arrietak Txokolãtegia lotu du Atãria aurreko nobelarekin (2019). Jambrinak arreta handia jarri zuen emakumeek historian jasan duten bazterkerian eta ikusezintasunean, baita liburuko pertsonaien bi garaien arteko talkak sortzen dituen egoeretan ere. Igak etorkizunetik bestelako ideia batzuk eramateaz gain, hitzak, objektuak eta koloreak ere garraiatzen ditu, eta horietako bakoitzak pasarte dibertigarri bat ematen die irakurleei. Bata bestearen hitzei segika, bien artean xehatu zituzten liburuaren alderdi guztiak.

Belaunaldi baten antologia bat

«Ahotsa nondik datorren, nirea den, ala zurea, ala nire barnean ezkutatzen den hotzikararena». Iosune de Goñiren 3.36 insomnioa (edo begiak ixten ditudanean ikusten dudana) testuarekin hasi zuen aurkezpena Leire Alonso Liberoamerika literatur plataformako kideak. De Goñi eta biak editore lanean aritu dira Izotzetan islatuak. Euskal idazle gazteen bilduma izeneko liburuan, Euskal Herriko 24 idazle gazteren askotariko testuak biltzen dituen lan batean. Hain zuzen, gazteei ahotsa ematea da haien asmo nagusia, horretarako sortu baitzen Liberoamerica, Iberiar penintsulako eta Latinoamerikako idazle gazteen —eta, batez ere, emakumezkoen— lanei hauspoa emateko helburuarekin. Baita, aldi berean, askotariko hizkuntzetako eta jatorrietako autoreak elkartzeko asmoarekin ere.

Plataforma horren euskarazko adarraren lehen argitalpena da Izotzetan islatuak, eta atzo aurkeztu zuten hura ere, Galdakaon, Alonso editoreak eta beste hiru parte hartzailek: Aroa Elortzak, Idoia Ugaldek eta Kattalin Urrengoetxeak. Autore gazteentzako aukera bat izan nahi zuen proiektuak, eta deialdi bat egin zuten idazlanak jasotzeko, mugarik gabea, eta mugak haustera gonbidatzen zituena, gainera. 44 lan jaso zituzten, eta horietako 24 argitaratu dituzte.

Ugaldek Matryoshka izeneko testua eman du argitara liburuan. Izenak iradokitzen duen moduan, formarekin egin zuen jolas, esaldi bati geruza bat eransten baitio bestearen atzetik. «Kosta zitzaidan generoak lausotzeko gonbidapenari erantzutea», aitortu zuen, baina gustatu zaio bere burua estutu eta hitzekin jolasteko aukera eman izana. Elortzarentzat ere «erronka» izan zen poema sortzea, ipuinak idazten aritu baitzen lehenago, batez ere. Urrengoetxeak eskertu egin zuen Alonsoren eta De Goñiren editore lana, haiek proposatutako zuzenketa batzuek lagundu egin baitzioten testua hobetzen.

Zortzi liburu aurkeztu zituzten atzo Sormenen, Ahotsenearen eskutik, idazle bakoitzak bere ahotsez aurkeztu ere. Eguna, ordea, kantuan amaitu zen. Gauean, Eñaut Elorrietak kontzertu bat eman zuen Ruben Caballero gitarristarekin eta Ander Zulaika bateria jotzailearekin batera. Ur gainean kantuarekin hasi zen iaz kaleratu zuen Irteera argiak diskoa aurkezten (Elkar). Atzetik etorri ziren diskoko beste guztiak. Eta, tartean, Deserriko kantak-eko eta Harian-eko abesti batzuk ere bai —Besamotzaren besoa, Geografia, Tren luzea, Non dago nire herria...—; «aurrekoei» omenaldi gisa, Itoizen As noites da Radio Lisboa-ren bertsioa.

[youtube]https://youtu.be/ojvVNlZZKNc[/youtube]

Perkusio leunak eta gitarra elektrikoaren akonpainamendu finak berehala eratu zuten giro berezi bat, goxoa, eta Elorrietaren popa joan-etorrian aritu zen country eta folk inguruetatik. Azkenerako, ordubetetik gorako kontzertu bat eman zuten, edozein entzule barruan biltzeko modukoa, formatu txiki baina betean. Elorrietak gitarra eskutan hartuta baina ia sokarik astindu gabe itxi zuen gaua, Ez dago ezer kantuarekin, kideek jotako melodiari ahotsa erantsiz. Eta kantuan itxiz ahotsen egun beteko bilaketa bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.