AEB-ak

Bidenek Deb Haaland amerikar natiboa proposatu du Barne idazkari kargurako

Senatuak berretsi beharko du bere izendapena. Hala eginez gero, kargu hori hartuko duen lehen amerikar natiboa izango da Haaland.

Deb Haaland Barne idazkari kargurako hautagaia (aurrean), iaz egindako ekitaldi politiko batean. ERIK S. LESSER / EFE
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 18a
13:20
Entzun

Mexiko Berriko kongresukide Deb Haalandi AEBetako Barne idazkari kargua ematea proposatu du Joe Biden herrialdeko presidente berriak, eta Senaturen gain utzi du azken erabakia, ganbera horri baitagokio proposamenari baiezkoa eman ala ez erabakitzea.

Senatuak Haalanden izendapena berresten badu, kargu hori hartuko duen lehen amerikar natiboa izango da. Laguna Pueblo komunitatetakoa da Haaland, Mexiko Berria estatuaren erdialdea bizileku duen tribu txiki batekoa. Kongresuko diputatua da 2018az geroztik, eta bere jardun politikoa komunitate natiboen egoera hobetzeko lanaren inguruan ardaztu du, hein handi batean. Pandemia garaian nabarmen egin du komunitate horietako kideei laguntzak biderkatzearen alde. Era berean, klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko beharra azpimarratu izan du.

AEBetako Barne Idazkaritzak errekurtso naturalen gaineko eskumenak ditu, eta hark kudeatzen ditu, besteak beste, parke naturalak eta gas eta petroleo ustiategiak. Komunitate natiboekin harremanak kudeatzeaz ere arduratzen da; egun, 578 komunitate natibok dute aitortza ofiziala AEBetan.

«Nirea bezalako ahots bat inoiz ez da egon kabinetean; ezta Barne Idazkaritza gidatzen ere", adierazi du Haalandek, Twitter bidez. "Puebloko nire amaren etxean hazteak indartsu egin ninduen. Indartsua izango naiz, zuek guztiok, gure planeta eta gure lur babestua bezala".

Hautagai gehiago

Haalandez gain, ingurumen gaiekin lotutako karguetarako aukeratutako beste zenbait hautagairen berri ere eman du Bidenek. Jennifer Granholm Michiganeko gobernadore ohia proposatu du Energia idazkari kargurako,  eta Brenda Mallory abokatua Ingurumen kontseilari izateko. EPA Ingurumena Babesteko Agentziako buru Michael Regan izatea nahi du Bidenek. Ali Zaidi eta Gina McCarthy bere ingurumen aholkulari izatea ere eskatu du presidenteak.

2035erako karbono emisioekin amaitzea eta ingurumenarentzat kaltegarriak izango ez diren azpiegituretara 2.000 milioi dolar —1.600 milioi euro— bideratzea daude Bidenek bere hauteskunde programan jasotako neurrien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.