Labik bere hartan utzi ditu Gabonetarako emandako irizpideak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetan «apaltzeko» joera dagoela adierazi du; hilaren 22an bilera egingo du berriro.

Gasteizko kaleak, Eguberrietako apaingarriekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2020ko abenduaren 18a
13:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzako hainbat agintarik esana zuten prest zeudela Gabonetarako irizpideak «gogortzeko» COVID-19ari aurre egite aldera, datuek hori eskatzen bazuten, baina, oraingoz, horretarako premiarik ez dagoela ondorioztatu du Labik gaur, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontuoz arduratzen den erakunde arteko batzordeak. Birusaren transmisioaren berri ematen duten datuei erreparatu diete horretarako, eta baikorrak dira: «Aldagai guztietan igartzen da beherako joera; Arabak izan du portaera txarragoa: joera hori geratu egin da han».

Horiek horrela, gogora ekarri dituzte lehengo astean Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazitako irizpideak. Esaterako, oroitarazi dute Gabonetako topaketetan ahalik eta jende gutxien batzea komeni dela, hamar laguneko muga jarria dagoela baina hobe dela gutxiago izatea, ahal bada: «Hamar izan beharrean zortzi badira, hobe; zortzi izan beharrean sei badira, oraindik hobe». Batzen diren bizikidetza taldeak ere mugatu egin behar direla oroitarazi dute, klase guztietako jende pilaketak eragotzi behar direla, ahalik eta gehien aurreratu behar dela etxeratzeko ordua, eta adi erreparatu behar zaiola toki itxietako aireztapenari. Dekretu batean bilduta daude propio Labik emandako irizpideak, baina gogora ekarri dute «herritarren konpromisoa» dela halako gai batean ororen gainetik lehenetsi beharrekoa, dekretu batek ezin baitie erantzun errealitatean sortzen diren egoera guztiei.

Bestetik, adierazi dute asteotan asmoa dutela birusaren jarraipena egitea erraztuko duten kontrolak zorrozteko, eta egoera epidemiologikoa zorrotz analizatuko dutela, akaso neurriak «irmotzera» jo beharko baita oraindik. Hilaren 22an batzordeak bilera egingo du egoera berriro aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.