Bilboko inauteriak bertan behera uztea proposatu dute Bilboko Konpartsek

Jai Batzorde Mistoa lehenbailehen bil dadila eskatu dute. Konpartsakideek uste dute ez dagoela inauteriak antolatzeko osasun baldintza egokirik

jarraia191337.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko abenduaren 18a
13:44
Entzun

Urrats bat aurrera egin, eta argi azaldu dute inauterien inguruko proposamena Bilboko Konpartsek: aurten ez dadila aratusterik antolatu. Gaur Arriaga antzokiko plazan egindako agerraldian azaldu dutenez, konpartsakideek uste dute ez dagoela inauteriak ospatzeko osasun baldintza egokirik.

Proposamena eginda, hori gauzatzeko beharrezko bidea eskatu dute konpartsakideek: Jai Batzorde Mistoa biltzea. Otsailaren 6tik 16ra dira egitekoak inauteriak, eta informazioa eta ziurtasuna ahalik eta arinen zabaldu beharra nabarmendu dute. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Festa zinegotziak du batzordea osatzeko ardura, eta deialdia Gabonak baino lehen egin dezala eskatu dute konpartsek. Itsaso Aldaiturriaga mintzatu da konpartsen izenean, eta erabakia azkar hartzearen beharra plazaratu du: “Kontzertuak, antzezlanak, umeen jolasak, mozorroak eta koplak ez dira inprobisatzen: aurretiazko lan eta maitasun asko eskatzen dute”. Gauzak horrela, antolaketa lanetan hasi baino lehen, jakin nahi dute zer gertatuko den, “nork bere planak egin ditzan”.

Aldaiturriagak ohartarazi duenez, ez daude itxita bestelako proposamenetarako. Konpartsen aburuz, inauteriak bertan behera uzteak “elkar zaintzearen filosofiari eta prebentzio irizpideei” erantzuten die.

Aisialditik harago

Testuingurua kontuan hartu nahian, COVID-19aren pandemiak eragindako ondorio sozialak eta horien ardura instituzionala ere salatu dituzte konpartsek. Aratuste eta jaien balioak diren “kritika sozial eta politikoaren” bidez, hurrengo aldarrikapenak luzatu ditu Aldaiturriagak konpartsen izenean: "Osasungintza eta bestelako zerbitzu publikoak defendatu, lan baldintzen alde egin, eta okerren daudenak babesteko sareak sustatuz”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.