Lakuntza: «Ez da sinesgarria EAE izatea munduko leku bakarra non jendea ez den kutsatzen lanean edo lanerako bidean»

ELA sindikatuko idazkariaren ustez, Eusko Jarlaritzaren neurriak ez dira irizpide zientifikoen arabera hartzen, eta lidergo falta egotzi dio Urkullu lehendakariari.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 18a
16:59
Entzun

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak zorrotz kritikatu ditu Labiren bileraren ondoren Eusko Jaurlaritzak mantendu dituen neurriak. Haren ustez, irizpide zientifikoak aintzat izan gabe hartu dituzte erabakiak, «ahalik eta gasturik txikiena egiteko» asmoz, eta Urkullu lehendakaria jo du haien erantzule nagusitzat: «Ez du bere gain hartzen pairatzen ari garen krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak eskatzen duen lidergoa». Are gehiago, nabarmendu du COVID-19aren hirugarren olatuan hildakorik ez izatea izan beharko litzatekeela Jaurlaritzaren egungo lehentasuna, eta lortu ezean «erantzukizun politikoak» eskatu beharko liratekeela.

Lakuntzak eredu bat jarri du bere kritika ilustratzeko: «Europan erabaki zenean 14 eguneko intzidentzia metatuaren semaforo gorria 150 kasutan jartzea, hemengo gobernuak 500 kasutan ezarri zuen muga; eskandaluzko zenbakia da hori». Halako erabakiak komunitate zientifikoaren aurkakoak direla azpimarratu du, eta «arduragabekeria» dela neurriak arintzea 300 kasutik gora daudenean. «Honela, kutsatze kasuak gehitu egingo dira, baita ZIUetako pazienteak eta COVIDak eragindako heriotzak ere. Eguberriak ezin dira izan bide horretan aurrera egiteko argudioa», gaineratu du.

Lakuntzak, halaber, neurriek lan eremuan duten inpaktua nabarmendu du, eta salatu egin du lantokiak eta garraio publikoak ez direla ikertzen kutsatze eremu gisa: «Ez da sinesgarria EAE izatea munduko leku bakarra non jendea ez den kutsatzen lanean edo lanerako bidean». Erabakirik ez hartzeko estrategia bat ikusten du datuak ez analizatzearen atzean, eta, bide batez, ahalik eta gasturik txikien egiteko asmoa: «Ez da ezer egin lanik gabe geratu eta prestaziorik gabe gelditu diren langileak babesteko». Ostalaritza ere hartu hizpide, eta, bere iritziz, ostatuek irekitzeko baimena jaso badute, Jaurlaritzak negozioen «iraupenerako» beharrezkoa den dirua gastatu nahi ez duelako jaso dute.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.