Lan gatazkak

Hiru greba egunekin erantzungo diote Aernnovan 82 kaleratzeei

Batzordeak iragarri du prest dagoela enplegu erregulazioaren aurkako helegite bat aurkezteko. Jaurlaritzaren aurrean batuko dira astelehenean, erakundeen laguntza eskatzeko

Aernnovako langileak, gaur, Gasteizen. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 19a
15:57
Entzun

Aernnovako langileek ez dute amore eman nahi. Berantevillako lantegian (Araba) 82 kaleratze eragozteko borrokan jarraituko dute, kaleratze horiek ezarriko dituen erregulazio espedienteak aurrera egin duen arren. Hiru greba egun deitu dituzte, astelehenetik asteazkenera, eta iragarri dute erregulazioaren aurkako auzibidea hasiko dutela, baldin eta enpresak ez badu atzera egiten. «Ez badigute beste aukerarik ematen eta kaleratzeak ez badituzte bertan behera uzten, kalean ez ezik, auzitegietan ikusiko gaituzte», iragarri zuen Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko buruak. Aldaketarik ez badago, otsailaren 1ean hasiko dira kaleratzeak.

Aernnovako langileak Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan bildu dira gaur goizean, erregulazio espedientea negoziatzeko epearen  amaieraren biharamunean. Negoziazio prozesuan esandakoa berretsi dute: kaleratzeak ez direla beharrezkoak, aeronautikaren krisia aldi baterakoa delako eta ez egiturazkoa. Oraingo egoera zailari lantalde osoa aldi baterako erregulazio batean sartuta erantzuteko proposatu dute langileen ordezkariek, baina enpresak eskaera horri entzungor egin diola salatu dute. Aernnovan hainbatetan egon dira egoera horretan, eta langileek badakite nola kudeatu.

Batzordearen azken eskaintza aurreraturiko erretiroak egin ahal izateko aukera zabal bat izan zen, aldi baterako erregulazioarekin uztartuta. Berantevillan 450 langile daude, denak finkoak, eta, eskaintza horren irizpideen arabera, hurrengo lau urteetan ehun inguruk utziko lukete enpresa erretiroa hartuta. Baina zuzendaritzak horri ere ezezkoa eman zion ostiralean, eta hor amaitu zen negoziazioa akordio bidez bukatzeko bidea.

Negoziazioan izan den aldaketa nagusia da enpresak 101etik 82ra txikitu dituela kaleratzeak. Lan taldea txikitzeko argudioa da 2021ean ohiko duenaren erdia fakturatuko duela.

Iragarpen ezkorregiak

Sindikatuen ustez, iragarpen horiek ezkorregiak dira. Behin baino gehiagotan ziurtatu dute  enpresaren osasun ekonomikoa ona dela, eta kaleratzeak ez direla justifikatuak. Besteak beste, 139 milioi euro banatu zituen dibidendutan 2017an, eta aurten 490 milioi euroko mailegu bat eskatu du, eta horietatik 100 irabaziak banatzera bideratu ditu. Batzordeak, halaber, nabarmendu du enpresak diru publiko ugari jaso duela azken urteetan. Horregatik, erakundeen esku hartzea eskatuko dute berriro ere etzi, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

2015ean antzeko egoera bat izan zen Aernnovan. Orduan 130 langileko erregulazioa egiten saiatu zen, baina, azkenean, atzera bota zuen. Lanpostu galtze hori, dena den, tantaka egin da, orduan 570 langile baitziren Berantevillan. Tarte horretan lan karga ugari bidali du Mexikon eta Brasilen dituen plantetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.