Futbola

Imanolek eta Olabek kontratua berritu dute Realarekin

Entrenatzaileak 2023ra arte luzatu du, eta Futbol zuzendariak 2024ra arte.

Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 23a
19:53
Entzun

Realak berrindartu egin du kirol egitasmoa, kontratuak berritu dizkielako Imanol Alguacili eta Roberto Olaberi. Entrenatzaileak 2023ra arteko hitzarmena sinatu du, eta Futbol zuzendariak 2024ra artekoa. Jokin Aperribai presidenteak iragarri ditu bi berritzeak akziodunen Batzar Nagusian (telamatikoki ari dira egiten).

Imanolek lehen taldearen entrenatzaile lana hartu zuela larunbatean beteko dira bi urte. Bigarrenez izan zen, aurretik ere jardun zuelako zeregin horretan, 2018ko udaberrian, hain zuzen. Bi urte hauetan, emaitza aldetik, lorpen handi hauek erdietsi ditu taldeak haren aginduetara, biak aurreko denboraldian: Espainiako Kopako finalera sailkatzea, eta  Europa Liga jokatzeko aukera izatea. Sasoi honetan, Reala Europan ari da oraindik, aurreneko fasea gainditu baitu; final 1/16etan Manchester United izango du kontrario. Ligan ere ondo ari da taldea, azkenaldian behera egin badu ere emaitzetan. Lider izan zen hainbat jardunalditan, eta hirugarrena da orain. Bi lehiaketak kontuan hartuta, azken bederatzi partidetan ez du Realak garaipenik lortu: hiru partida galdu ditu eta sei berdindu. Entrenatzaileari bolada txar horretan kontratua berritzea oso adierazgarria da, eta babesa ematen dio Oriokoari. Datorren urteko ekainaren 30ean bukatzen zitzaion kontratu zaharra.

Beste horrenbeste gertatzen da Olaberen berritzearekin. Aperribaik eta haren zuzendaritzak erabateko konfiantza dute gasteiztarrarengan. 2018ko martxoan sartu zuten berriro ere klubean, aurreko saialdiak kale egin eta gero. Lanean jardun zuen, baina joan egin zen 2016an, "arrazoi pertsonalengatik", haren hitzetan. Oraingo lanaldia erabat emankorra ari da izaten, eta antzematen da klubean Olaberen lan egiteko modua eta bidea. Zeregin horretan dihardutenei, lehen taldearen ibiliak zehazten die lanaren fruitua, eta hor sartzen dira, ezinbestean, fitxaketak eta horrekin batera, taldea osatzea. Olaberekin bat Realeko jokalari izan dira Miguel Merino, Nacho Monreal, Alexander Isak, Alex Remiro, Portu eta guztien gainetik, David Silva. Harrobiaren aldeko apustua ere handia ari da izaten orain ere, eta Imanolekin elkarlanean, lehen taldeko ateak zabal-zabalik dituzte beheko mailetako jokalariek.

Bien arteko elkarlanak jokatzeko eredu zehatz baten aldeko hautua ere ekarri du. Ezin da ukatu lehendik ere bazuela Realak eredu horretan jokatzeko joera, baina orain, biribildu egin dute, jokalari egokiak ekarriz horretarako. Bidea erabat sendotuta daukate, eta horrez gain, badu lehen taldeak beste ezaugarri bat: lehiakorra da. Ondo lehiatzen du, eta hori izan da Olabek nahi eta aldarrikatu izan duena Realera itzuli zenetik. Imanoli bezala, datorren urteko ekainean bukatzen zitzaion kontratua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.