'Brexit'-a

'Brexit'-erako ituna sinatu dute Londresek eta EBk

EBn eta Erresuma Batuaren artean ez da muga saririk egongo, ezta kuotarik ere.

Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen itunaren berri ematen, gaur, Bruselan. FRANCISCO SECO / POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 24a
20:31
Entzun

Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioetan ituna egin dute azkenean gaur arratsaldean. Egunotan ongi lotu dute akordioa, eta azkenean sinadurak baino ez zituen falta. Bien arteko etorkizuneko harremana finkatuko zuen testua «prest» zegoela zabaldu zuten atzo gauean bi aldeek, eta, azkenean, gaur arratsaldean iragarri dute akordioa.

Ez dute itunaren testua zabaldu, baina hainbat punturen berri eman dute:

EBn eta Erresuma Batuaren artean ez da muga saririk egongo, ezta kuotarik ere. Bi aldeen artean sorturiko auziak konpontzeko mekanismo bat egongo da. Ziurtatu egingo da EBko eta Erresuma Batuko enpresek baldintza berdinekin lehiatuko direla elkarrekin, eta aldeek zigorrak ezarri ahalko dizkiote elkarri, itunaren arauak ez badira betetzen. Arrantzari dagokionez, Erresuma Batua bere itsas eremuaren gaineko burujabetza osoa edukiko du. Halere, bost urteko epean, bi aldeek eskubidea edukiko dute elkarren uretan arrantza egiteko.

Bi aldeen arteko garraioak etenik ez duela edukiko ziurtatuko dute. Baina urtarrilaren 1etik aurrera, muga kontrolak egongo dira, eta litekeena da kamioi ilara luzeak ikustea, azken egunotan bezala.

Londresko finantza zerbitzuak EBtik kanpo egongo dira urtarrilaren 1etik aurrera.

Bermatu egingo dira EBn bizi diren herritar britainiarren eskubideak eta alderantziz, besteak beste osasun zerbitzuak, brexit-aren aurretik han edo hemen bizi zirenentzat. Baina bi aldeetako herritarrek ez dute eskubiderik izango beste aldean nahi bezala bizitzen jartzeko, lan egiteko edo ikasteko: bisak eskatu beharko dituzte, eta kontrolak igaro beharko dituzte mugetan.

Dibortzio luzea izan da. Hona mugarriak.

1973-1975

Charles de Gaulle jeneralaren boikoten eta zalantza askoren ondoren, kontserbadoreak boterean zirela, Erresuma Batua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen 1973ko urtarrilaren 1ean. Sartzeak ez zituen duda guztiak uxatu: gobernura iritsi eta erreferendumera deitu zuten laboristek, orduan euroeszeptikoak baitziren. 1975eko ekainaren 5eko galdeketan, herritarren %67,2k EEEn geratzearen alde bozkatu zuten.

1976-2016

Harreman tirabiratsua izan zuen Erresuma Batuak EEErekiko. Merkatu bakarraren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, Margaret Thatcherren garaian, baina batasun politikoari ahalik eta traba gehien jarri zizkion Londresek. Eurotik kanpo ere geratu zen Erresuma Batua. Euroeszeptizismoa ezkerretik eskuinera igaro zen 1980ko hamarkadatik aurrera, eta Alderdi Kontserbadorea bitan zatitu zuen. Alderdi barruko eztabaida behingoz itxi nahian, David Cameron lehen ministro kontserbadoreak erreferendum bat antolatu zuen, Europa ekialdeko herritarren immigrazioa mugatzeko hainbat

2017ko urtarrilak 17

Hitzaldi batean, Mayk iragarri zuen ez zituela beteko Erresuma Batuak EBko merkatu bakarrean geratzeko baldintzak, eta atea ireki zion erabateko hausturari: «Akordiorik ez lortzea hobea da akordio txar bat lortzea baino».

2017ko ekainak 8

Mayk hauteskundeak deitu zituen, brexit-a gehiengo zabalago batekin lasai negoziatzeko asmoarekin. Usteak ustel, ordea: kontserbadoreek gehiengo osoa galdu zuten, eta DUP Ipar Irlandako alderdi unionista kontserbadorearen babesa bilatu behar izan zuen gobernatzen jarraitzeko.

2016ko uztailak 17

Banaketaren baldintzei buruzko negoziazio ofizialak hasi ziren. Alde bateko zein besteko herritarrek beste aldean izango zituzten eskubideak eta trantsizio garaian Erresuma Batuak EBren aurrekontuari buruz egin beharreko ekarpenak sortu zuten eztabaida, baina askatu beharreko korapilo nagusia Irlanda bilakatu zen. Zer egin  Ipar eta Hego Irlanda arteko mugarekin, Ostiral Santuko bake akordioa kolokan jarri gabe?

2018ko uztaila

Dibortzioaren negoziazioak desblokeatu nahian, Mayk brexit bigunago baterako bere plana aurkeztu zien bere ministroei. Dimisioarekin erantzun zioten brexit-zale sutsuenek, Boris Johnson Atzerri ministroa buru zutela. 2018ko azaroa Dibortzioaren baldintzak adostu zituzten Bruselak eta Londresek. Besteak beste, hitzartu zuten ez zela muga gogorrik egingo Hego eta Ipar Irlandaren artean.  

2019ko urtarrila-martxoa

Urtarrilaren 15ean Mayren irteera planak porrot latza jaso zuen Westminsterren: aurkako 432 boto eta aldeko 202. Martxoan beste bi bozketa galdu zituen, alde txikiagoarekin izan bazen ere. Gehiengorik ez zuela ikusita, EBtik irteteko data —martxoaren 29a— atzeratzeko eskatu zuen Mayk. Bigarren erreferendum bat egiteko kanpainak indarra hartu zuen.

2019ko maiatzak 27

Irteera data berria urriaren 31 zenez, Erresuma Batua behartuta egon zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzera. Nigel Farageren Brexit Party izan zen bozkatuena, emaitza onak lortu zituzten EBren aldeko alderdiek (Liberal demokratek, SNPk, Berdeek...), eta kolpe historikoa jaso zuten toryek eta laboristek.

2019ko uda

Bere irteera akordioa aurrera ateratzeko gehiengorik ez zuela-eta, Mayk alde batera egingo zuela agindu zuen, eta kontserbadoreek lider berria hautatu zuten uztailaren 23an: erreferendum kanpainaren gidaria, Boris Johnson. Lehen ministro izendatu zuten hurrengo egunean. Urriak 31eko irteera eguna inolaz ere luzatuko ez zuela agindu zuen hainbat aldiz hurrengo asteetan. Parlamentuak, ordea, bozkatu zuen akordiorik gabeko brexit bat ez zuela inolaz ere onartuko, oso kaltegarria izango litzatekeelako Erresuma Batuarentzat.  

2019ko urria

Irlandako mugaren auzian atzera egiteko saioa egin zuen Johnsonek, baina EBk ez zuen onartu. Tentsio handiko giroan, konponbide bati bidea ireki zioten Johnson eta Leo Varadkar Irlandako Errepublikako gobernuburuak. Urriaren 17an, brexit-erako akordio berri bat adostu zuten. Horren bidez, Ipar Irlandak praktikan EBren merkatu bakarrean jarraituko du, eta kontrolak izango dira haren eta Erresuma Batuko beste nazioen artean. Brexit-aren data 2020ko urtarrilaren 31era arte atzeratu zuten.

2019ko abenduak 12

Get Brexit done leloaren eskutik (buka dezagun brexit-a), Johnsonek garaipen zabala lortu zuen hauteskundeetan, eta bigarren erreferendum bat egiteko aukerak zapuztu zituen. Eskozian eta Ipar Irlandan, ordea, oso emaitza onak lortu zituzten EBren aldeko alderdi nazionalistek.

2020ko urtarrilak 31

Gauerdian, Erresuma Batua EBtik atera zen ofizialki, eta trantsizio epe bat hasi zen: 11 hilabetez haren arauei eta merkatuari lotuta jarraituko zuen, bien arteko etorkizuneko harremana negoziatu bitartean.

2020ko martxoa

Itxialdia hasi zuten Erresuma Batuak eta EBko herrialde guztiek, koronabirusaren hedapena oztopatzeko. Merkataritza akordioaren negoziazioak moteldu egin ziren. nabarmen.  2020ko udazkena Trantsizio epea gerturatu ahala, negoziazioei bultzada bat eman zioten Michel Barnier EBko negoziatzaileak, eta David Frost britainiarrak. Bi desadostasun nagusi: arrantza eta lan, ingurumen eta laguntza publikoen araudia.

2020ko abenduaren 24a

Brexit-aren ituna sinatu zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.