Urteko hitzak

'Koronabirus', 'berrogeialdi', 'dioxina'... urteko hitzen zerrenda osatu du BERRIAk

Aurtengo hitzen zerrenda bat prestatu du BERRIAko euskara taldeak. Urte guztia bezala, koronabirusak eragindako osasun larrialdiak baldintzatu du hori ere.

PCR proba bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza - Iosu Alberdi
2020ko abenduaren 28a
09:42
Entzun

Amaitzear den 2020. urte honek protagonista bakarra izan du hasi eta buka: koronabirusa, eta hark eragindako ondorioak, izan osasun arlokoak, sozialak, politikoak edo ekonomikoak. Hala erakusten du BERRIAn gehien irakurritako albisteen bildumak. Koronabirusaren datuen albistea irakurri da gehien BERRIAren webgunean, eta, gehien irakurritako 60en artetik, erdiak baino gehiago gaiaren ingurukoak dira. Horrek eztabaidarako tarte txikia utzi du urteko hitza zein izan den erabakitzeko garaian, besteak beste UZEI saiatu den arren beste hitz batzuk aipatzen, gaitzarekin zerikusirik izan gabe jendearen ahoan bolo-bolo ibili direnak: arrakala orgasmiko, lawfare, hondale, okupa… 24ko zerrenda bat osatu arte.

BERRIAko euskara taldeak ere bere zerrenda osatu du, urtarriletik abendura bitarte, hilabetez hilabete, herritarrek gehien erabili dituzten hitzetako batzuekin.

Koronabirusa

Urtea ez dago beste hitz batekin hasterik: koronabirusa. Urtarrilean, ordea, urruneko zerbait zen. Wuhan izeneko hiri batean zabaldutako birus baten berri iritsi zen Euskal Herrira: SARS-CoV-2a. Urtarrilaren 23rako, birus hark hamazazpi lagunen heriotza eragin zuen. OME Osasunaren Mundu Erakundea birusaren inguruko bilerak egiten hasi zen, eta, Mendebaldeko agintariek arriskutsua ez zela adierazi arren, OMEk nazioarteko larrialdia ezarri zuen urteko lehen hilabetea amaitu aurretik.

Halere, koronabirusa ez da birus bakar bat, multzo bat baizik, besteak beste arnasbideetako gaixotasun batzuk eragiten dituena. Egunerokoan, ordea, SARS-CoV-2 motakoa izendatzeko erabili izan da. Beste zenbait izen ere hartu ditu COVID-19 gaitzaren eragileak: Wuhango koronabirusa eta 2019-nCoV birusa.

Dioxina

COVID-19aren eraginik larrienak Euskal Herrira iritsi aurretik, ezbehar batek bete zituen berripaperen azalak otsailaren 6tik aurrera. Arratsalde hartan amildu zen Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia). Bi langile desagertu ziren, hondakinen azpian harrapatutatuta. Gertaerak eragina izan zuen inguruko herrietan ere. Zabortegian piztutako suteek dioxina eta furano mailen igoera eragin zuela adierazi zuten agintariek; normala den baino 40-50 aldiz handiagoa. Hala, etxeko leihoak ahalik eta gutxien irekitzea eta aire zabalean kirolik ez egitea gomendatu zitzaien Ermuko (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) herritarrei. 

Zer dira, ordea, dioxinak? Esteban Abad Holdago CISCeko kimikariak azaldu zion orduan BERRIAri: «Errekuntza prozesu bat badago, dioxinak sortuko dira, eta behar luketen baino askoz ere gehiago izango dira... Nolanahi ere, dioxinak oso toxikoak dira; kontrolatu egin behar dira maila apaletan ere». 

JON URBE / FOKU

Berrogeialdia eta konfinamendua

Martxoarekin batera hasi ziren COVID-19 kasuak ugaltzen Euskal Herrian. Eta, horrekin batera, neurriak iritsi ziren. Hego Euskal Herriko biztanleek lehenik, eta Iparraldekoek gero, etxean geratzeko agindua jaso zuten, ezinbesteko jarduerak egiteko izan ezik. Lurralde osoan konfinamendua ezarri zen, beraz.

Ordurako, martxan zegoen beste neurri bat berrogeialdia zen, garaiaren eta gobernuaren arabera epeak ezberdinak izan diren arren. Hura da hasieran ezarri eta oraindik ere indarrean diren eginbeharretako bat, kutsatua izan bazara, edo gaitza izan duen norbaitekin kontaktuan egonez gero. Martxoan, gainera, Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak hitzaren jatorria azaldu zuen BERRIAn, izen bereko artikuluan.

Maskara

Apirilera arte, ohikoagoa zen maskara hitza inauteri giroarekin lotzea, eguneroko beharrezko tresna batekin baino. Geroztik, ordea, ezinbesteko bihurtu da etxetik ateratzeko. Konfinamendua ezarrita zegoela hasi zen beharrezko izaten, besteak beste erosketak egitera edo medikuarenera joateko. Hala, hainbat eta hainbat lagun duela zortzi hilabetetik aurpegia elkarri ikusi gabe uzteraino.

Fasea

Lehena, bigarrena, hirugarrena... atzera bigarrenera, eta berriz aurrera. Zer egin daiteke orain? Zenbat irauten dute? Eta zer dator gero? Konfinamendua arintzeko plan bana aurkeztu zuten Espainiako eta Frantziako gobernuek maiatzean, eta horiek izan ziren euskal herritarrek konfinamendua uzteko osatu behar izan zituzten bideak. Ez, ordea, buruhausterik gabeak. «Normaltasun berrirako» bide mailakatuak, fasez fase eginiko hark, unean-uneko egoeraren aldaketei begira egonarazi zituen asko eta asko, biharamunean zer egin zezaketen eta zer ez jakiteko. Batez ere, lehenengotik bigarrenerako jauzi hartan; tabernak ireki zituztenekoan.

IÑIGO URIZ / FOKU

Agerraldia

Kazetarien eguneroko lanean ohikoa da alderdi, erakunde edo gizarte mugimenduen agerraldien berri ematea, baina hitz horrek beste zentzu bat hartu du pandemian. Hainbeste denbora etxean igaro ostean, eta udako eguzkiaren gerizpean, bazirudien egoerak hobera egingo zuela. «Ohiko bizitzara» itzultzearekin batera, ordea, han eta hemen handituz joan zen koronabirusak erasandakoen kopurua: Basurtuko agerraldiak bederatzi gaixo berri eragin ditu ospitaletik kanpoBerako lantegi bateko agerraldia «kontrolpean» dago, Indurainen araberaMurgak dio agerraldiak «kontrolatuta» dauzkatela...

Derrigorrezkoa

Pixkanaka, herritarrak batean eta bestean maskara erabiltzera ohitzen ari zirenean iritsi zen erabakia, uztailean: Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian. Aurrez ere bazen derrigortasuna garraioan, leku itxietan, saltokietan... baina erabaki hark are gehiago aldatu zuen kale paisaia. Kirola egiten edo tabernan jan-edanean ari ez zen edonork jantzi beharko zuen maskara, derrigor

Ez-jaiak

Uda, oporraldia izateaz gain, hiri eta herrietako jaien garaia ere bada. Aurrez joan ziren, besteak beste, sanferminak eta Baionako bestak ere. Eta abuztuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuen txanda iritsi zen. Hala, BERRIAk, gainerako herritarrek bezala, buelta bat eman behar izan zien festetarako plangintzei. Hala, festarik gabe, baina haiek gogoan, beste batzuek hartu zuten protagonismoa: Luis Mokoroa, Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko lehen kanoikada eman zuena; Baionan besta eta borroka ezkondu zituzten urteak; Mari Puri Herrero eskultorearen eta Marijaiaren artekoak...

IÑIGO URIZ / FOKU

Bigarren olatua

Uztailean hasi zen, eta urrian indar hartu. Agintarien eta herritarren solas eta elkarrizketetan, ordea, irailean hasi zen nagusitzen, hondartza denboraldia amaitu ostean. Agintariak pozik zeuden kostaldeko herrietan hartutako neurriekin, baina hurrengo hilabeteetan zer eragin izan zuten? Zer gertatu zen udan? Nola pasatu zen agerraldietatik olatura? Datuen bidez, bigarren olatuaren argazki orokor bat eskaintzen saiatu zen BERRIA.

Bazetorren eragotzi nahi zen olatu hori, eta mundu osoan eragin zuen, gainera. Gaitzak hainbat herrialde behartu zituen itxialdia arindu ordez berriz ere konfinamendua ezartzera. 

Etxeratze agindua

Konfinamendurik gabe baina mugimenduak murriztuz erantzun zioten gobernu gehienek bigarren olatuari. Gauez etxetik irteteko debekua, berriz, urriaren amaieran itzuli zen Euskal Herrira. Herritarren ahotan zen berriz etxeratze agindua: «Noizko egon behar dugu etxean?», zen galdera. Urriaren 24an ezarri zuten Ipar Euskal Herrian, eta 27an Hegoaldean.

Jan-edan guztiak ere etxean egiten hasi behar izan zuten herritarrek, jatetxeak eta tabernak atzera itxi baitzituzten. Egoera «odoluste bat» zela zioten ostalariek.

Txertoa

Azaroa hasi zenean, bazirudien COVID-19aren aurkako txertoa urrun zegoela oraindik. AstraZeneca botika etxeak, adibidez, esan zuen martxo erdialderako egon zitekeela txertoa. Pfizer heldu zen arte: AEBetako botika etxeak azaroaren 10ean esan zuen kasuen %90etan eraginkorra den txerto bat zuela. Hortik aurrera, konpainiek bata bestearen atzetik eman zituzten COVID-19aren kontrako txertoen eraginkortasunari buruzko albisteak.

«Neurri batean, horixe bihurtu da azken egunotan txertoen garapena: ikuskizun». Hala azaldu zuen Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak orduan gertatzen ari zena. Informazio olatu hark hainbat galdera, zalantza eta mesfidantza ere eragin zituen, eta Jakes Goikoetxea kazetariak erantzun zien haiei.

GORKA RUBIO / FOKU

Brexit-a

Urte osorako balioko luketen hitzetako bat da brexit-a. Erresuma Batua Europako Batasunetik urtarrilaren 31n atera zen ofizialki, eta trantsizio epe bat hasi zen orduan: 11 hilabetez, haren arauei eta merkatuari lotuta jarraituko zuen, bien arteko etorkizuneko harremana negoziatu bitartean. Azkenean, ordea, etxeko lanak azken egunerako uzten dituen ikaslearen moduan osatu dute ituna Londresek eta Bruselak: akordioa prest daukate, eta urtarrilaren 1ean indarrean jartzeko pausoak ematen dihardute azken egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.