AEB

Trumpek azkenean sinatu du milioika estatubatuar laguntzeko suspertze plana

AEBetako jarduneko presidenteak bost egunez egin dio uko Kongresuaren 900.000 milioi dolarreko plana sinatzeari. Bitarte horretan, hamar milioi langabe baino gehiago gelditu dira laguntza gabe. AEBetako Administrazioaren itxiera ere eragotzi du sinadurak. 

Donald Trump, joan den astean Floridara joateko helikopteroa hartzen. CHRIS KLEPONIS / EFE
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 28a
11:54
Entzun

Azkenera arte eutsi dio mehatxuari. Donald Trumpek egunetan izan du blokeatua AEBetako Kongresuaren 900.000 milioi dolarreko suspertze plana, bere mesederako aldaketak nahi zituelako hura jasotzen zuen lege sortan. Jarduneko presidenteari berdin izan zaio bost egunez bere sinaduraren zain estu eta larri edukitzea milioika estatubatuar. Baina, azkenean, Mar-a-Lagoko (Florida) bere luxuzko bulegoan eseri, eta sinatu egin du «zoritxarreko» irizten zion plana. «Omnibus eta COVID-19 sorta hau sinatu dut Kongresuarentzako mezu argi batekin: erretira ditzala xahutze hutsa diren legearen puntuak». 

Errukitu egin ote da Trump? Analista zenbaiten ustez, Alderdi Errepublikanoaren azken orduko deiak aintzat hartu ditu Trumpek, izan ere, Georgian bi senatari aukeratzeko hauteskundeak hor dauden oraindik. Urtarrilaren 5ean egingo diren boz horietan jokoan dago Alderdi Errepublikanoak AEBetako Senatuko gehiengoari eustea. 

Trumpek bart gauean sinatutako lege sortan, batetik, pandemiaren kalteak arindu eta ekonomia suspertzeko plana onartu da. Besteak beste, enplegurik gabeko pertsonentzako laguntzak beste 50 aste luzatuko ditu, eta langabezian gelditu direnentzat sariak astean 300 dolar gehiagorekin osatuko ditu. 

Hori bai, Trumpek plana sinatzeari uko egin dion tarte honetan, 10-14 milioi herritarren langabezia sarietarako bi programa bertan behera gelditu dira. Legea indarrean jartzen denean leheneratuko dira programa horiek. Beste 30 milioi estatubatuar ere larri ibili dira; izan ere, Trumpen blokeoak urte berrira arte iraun izan bazuen, etxegabetzeak eragozten dituen betoa indargabetuko zen. 

Suspertze planak enpresak ere lagunduko ditu, nominak ordaintzeko. Milioika dolar joango dira eskoletara, alokairuetarako laguntzetara eta elikagai kupoietara ere. 

600 dolarretik 2.000ra

Suspertze planaren beste ikur bat ordainketa bakarreko txekeak dira, herritar guztiei banatzekoak. Laguntza planak errepublikanoen babesa izan zezan, demokratek txekeak 600 dolarrekoak izatea onartu zuten. Baina gaur bertan, demokratek Kongresuan beste bozketa baterako deia egin dute, kopurua 2.000 dolarrera igo dadin. Errepublikanoek onartuko dute orain? Ez dago batere argi. Trumpek berak bart gauean aipatu du 2.000 dolarreko ordainketaren aldekoa dela, nahiz eta aurretik bere mugimendu guztiak 600 dolarreko txekeen aldekoak izan. 

Pandemiak herrialdea gogor jotzen duen bitartean, suspertze planari soilik ez, AEBetako Administrazioarentzako finantzazioari betoa jartzeko mehatxua ere egin du jarduneko presidenteak. Omnibus sortan doan 1,4 bilioi dolarreko lerro hori gabe, gaur gauean administrazio horietako funtzionario eta langileen soldatak bertan behera geldi zitezkeen. Behin sinatuta, AEBetako Administrazioarentzako diruak ziurtatuta daude irailera arte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.