Ekonomia

Confebaskek ere ez du espero 2021ean galdutako jarduera osorik berreskuratzea

Hamar enpresatik zazpik enplegua mantentzea aurreikusten dute; bik, gutxitzea; eta bakar batek, handitzea.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea, abendu hasieran. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 28a
12:50
Entzun

Uste zabalduarekin bat egin du Confebaskek 2021erako aurreikuspenak aurkeztean. Horren arabera, hastear dagoen urtean suspertze «bizia» izango du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak, baina ez aurten galdutako jarduera eta enplegua berreskuratzeko adina.

Hiru lurraldeetako patronalak biltzen dituen elkarteak kalkulatu du aurten %9,2 jaitsiko dela barne produktu gordina. Espainiako datua (-%11) baino datu hobea izango dela nabarmendu du, baina baita eurogunekoa baino okerragoa ere (-%7,2). Mugikortasunari, kulturari eta aisiari lotutako zerbitzuak izan dira kaltetuenak, baina «atzerrira oso irekita dagoen» industriak ere kolpe handia jaso du, hala nola aeronautikak, petrolio findegiek eta ekipo ondasunak.

«Aurrekaririk gabeko atzeraldi baten ondoren», Confebaskek datorren urterako espero du BPGa %7,2 haziko dela, eta, hortaz, 2022ra arte itxaron beharko dela ekonomia pandemiaren aurreko mailara iristeko, «euroguneko herrialdeetan gertatzen denarekin batera, eta Espainiako ekonomiarako aurreikusten den baino urtebete lehenago».

Edonola ere, Confebaskek oroitarazi du pandemiaren etorkizunari buruz ziurgabetasun handia dagoela, eta horrek baldintzatu egingo duela ekonomiaren bilakaera. Horregatik, zehaztu du hazkundea %5 eta %8,5 artean egon daitekeela, eta %7,2ko iragarpena «jokaleku nagusia» baizik ez dela.

Sektoreka, 2021ean denek izango dute hobekuntza nabarmena, zerbitzuen sektore pribatutik hasita, nahiz eta aisiari eta turismoari lotutako jarduerak geroago abiatuko diren. Biziki haziko dira eraikuntza eta industria ere, baina azken horren jardueraren adar batzuetan susperraldia geroago etorriko da —aeronautika eta erregaien industria—.

Enpleguari dagokionez, aurreikuspena da 2021ean enpresak orain arte galdutakoaren zati bat berreskuratzen hasiko direla, baina erritmo motelean oraindik ere. Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek azaldu duenez, «enplegu beharren zati handi bat aldi baterako erregulazioan jarraitzen duten pertsonak lanera itzultzen direnean beteko da —Euskadin, oraindik 30.000 inguru dira—. Horrek azaltzen du afiliatu berrietan aurreikusten den aldakuntza oso urria izatea —5.000 gehiago baino ez dira izango—. 2021eko langabezia tasa ere ez da aldatuko, eta aurtengo itxierarako aurreikusten den %11 horren bueltan geratuko da».

Patronalen inkesta

Adegik, Cebekek eta SEAk beren bazkideen artean egin dituzten inkestek diotenez, hamar euskal enpresatik seik ikusten dute euren merkatua egonkor edo suspertzen egongo dela. Gainera, hamarretik zazpik enplegua mantentzea aurreikusten dute, eta, are gehiago, hamarretik batek dio handitu egingo duela. Azkenik, hamarretik bik murriztu egingo dutela kalkulatzen dute. Enpresen pertzepzioaren hobekuntza txiki hori sektore eta tamaina guztietan agertzen da.

Enpresen kezka nagusiak dira, besteak beste, Espainiako ekonomiaren ahultasuna eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera. Ildo horretan, eskakizun nagusiak ohikoak dira: barruko lan malgutasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioen murrizketa, eta erregulazioak eta likideziarako abal eta mailegu lerroak mantentzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.