Koronabirusa

Euskaldendak elkarteak auzitara joko du, kalte-ordainak eskatzeko

Alarma egoerek eragindako kalte ekonomikoak konpentsatu behar direla uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dendarien eta ostalarien federazioak.

Denda bat itxita Gasteizen, apirilaren hasieran. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 30a
12:24
Entzun

Euskaldendak elkarteak arrazoitu duenez, alarma egoerak arautzen dituen Espainiako 4/1981 lege organikoak eskubidea ematen die kalte-ordainak eskatzeko, eta horregatik erabaki dute salaketa jartzeko tramiteak hastea. Zehazki, lege horren 3.2. artikulua aipatu du Euskaldendak-ek, honakoa baitio: «[Alarma] egoera horiek iraun bitartean hartutako neurrien ondorioz kalteak modu zuzenean edo zeharka jaso dituztenek eskubidea izango dute kalte-ordainak eskatzeko, haiei lepora ez dakizkiekeen ekintzengatik bada».

Artikulu hori kontuan izanda, «Euskaldendak-ek ez du ulertzen norbaitek nola jar dezakeen auzitan kalte-ordainak eskatzeko eskubidea». Agiri baten bidez, federazioak gogorarazi du kalte ekonomiko handiak jaso dituztela merkatariek, ostalariek eta beste zerbitzu askoren emaileek, beren establezimenduak itxita eduki dituztelako hainbat astez edo muga askorekin funtzionatu behar izan dutelako. «Itxierak eta beste mugak ez dira autonomoen eta enpresen borondatearen ondorio izan, Estatuak behartutakoak baizik». 

Hiru elkartek osatzen dute Euskaldendak federazioa: Arabadendak, Bizkaidendak eta Dendartean. Hiruen artean 5.812 establezimendu biltzen dituzte; horietatik 3.423 dira dendak, 804 dira ostatuak, eta 1.585ek beste zerbitzu batzuk ematen dituzte.

Horietatik, 3.964k jaso dituzte kalte ekonomikoak, Euskaldendak-en kalkuluen arabera. Janaria, jantziak edo bestelako produktuak saltzen dituzten denden %63 leudeke egoera horretan, eta ostalaritzako establezimenduen %100. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.