Euskadi Next

EH Bilduren ustez, Europako funtsetarako programak «ez du herri ikuspegirik»

Koalizioak dio hiriburuak lehenesten dituela Euskadi Next programak, gainerako udalen kalterako. EH Bildu ados dago zerrendako proiektu askorekin, baina banaka aztertu nahi ditu. Agiriak «literatura ona dauka, baina argi dago hobe daitekeela». Eudel pozik agertu da, programak udalen parte hartzeko eskaera aintzat hartu duelako.

Mikel Otero eta Maddalen Iriarte, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 30a
14:01
Entzun

Europako Errekuperazio Mekanismotik 5.700 milioi euro erakartzeko 188 proiekturen zerrenda atzo onartu eta aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta hari buruzko balorazioa egin dute Maddalen Iriarte eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek gaur. Haien ustez, proiektuen zerrendak ez du herri ikuspegirik, hein handi batean zerrenda osatzeko prozeduran udalen partea ez delako izan behar bezalakoa, hiru hiriburuetako udalena izan ezik. Horrek, esan du Oterok, «kanpoan uzten ditu biztanleen %64».

Agiria egiteko orduan Jaurlaritzak erakutsitako «gardentasun faltaren» ostean, Maddalen Iriartek uste du Euskadi Next dokumentua beste eragileetara zabaltzea behar-beharrezkoa dela, «haren defentsa bateratua» egin ahal izateko Madrilen eta Bruselan. «Kontsentsu batek Madrilen negoziazio indartsuagoa eta zorrotzagoa ahalbidetuko luke», Mikel Oteroren ustez. Izan ere, legebiltzarkidearen aburuz, «badirudi nahiko zaila izango dela» eskatutako diru guztia lortzea, eta horren ondorioz negoziazioa «azpitik» joatea.

EH Bilduk inprobisazio pixka bat antzeman du Euskadi Next programaren lehen agirian; besteak beste, ez duelako zehazten zenbat diru jarriko duten erakunde publikoek proiektuetan. Agiriak «literatura ona du», Mikel Oteroren aburuz, «baina argi dago hobetu daitekeela».

Horretarako, lankidetza eskaini du EH Bilduk. Aurkeztutako proiektuetako askorekin ados dago, baina informazio gehiago nahi luke bakoitza behar bezala baloratzeko. Xehetasun bila, informazioa eskatuko die Jaurlaritzari, diputazioei eta hiriburuetako udalei. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren agerraldia ere eskatuko du Legebiltzarrean.

Eudel, zatituta

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, berriz, uste du Euskadi Next programak aintzat hartu duela udalek egindako eskaera; «alegia, Europako ezohiko funtsetan beraien parte hartzea bermatuko duten mekanismoak arbitratzeko aukera izatea eta finantzaketa funts horiek Euskadiko udalerri guzti-guztietara iristea».

Eudeleko buruak azaldu duenez, udalek hiru bide izango dituzte Europako Errekuperazio Mekanismoko funtsak eskuratzeko. Lehenik, «Euskadiko udalerrientzako zuzeneko laguntzak», zeintzuek Jaurlaritzak eta foru aldundiek kudeatuko dituzten. Bigarren bidea Jaurlaritzak bultzatutako udal izaerako proiektuei dagokiena izango da, «hala nola Uraren Euskal Agentziak egin ditzakeen obrak, bai eta udalerrietan degradazio handiena duten auzoetan etxebizitzak birgaitzeko eta berroneratzeko beste batzuk ere». Eta hirugarren bidea, Urtaranek azaldu duenez, «Estatuko leihatila da; bertan, Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, 1.483 milioi euro emango dira 2021ean Estatuko toki erakunde guztietarako».

Euskadi Next programarentzat sortuko den jarraipen batzordearekin pozik dago Eudeleko presidentea. «Horrela, Eudelen beraren bitartez emango zaie Euskadiko udalerri guztiei, zuzenean, hemendik aurrera egingo den urrats ororen berri».

Urtaranen iritziarekin ez datoz bat Eudeleko bi lehendakariordeak, Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Nagore Alkorta (EH Bildu). Iñigo Urkulluri eskutitz bat bidali diote, proiektuak hautatzerakoan udal gehienen iritziak ez biltzeagatik. «Bi abiadurako Euskadi» sor dezake programak.­

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.