Akordioa

Txinak onartu du trabak kentzea bere merkatuan inbertitzen duten EBko enpresei

Txinako enpresen antzeko baldintzetan lehiatuko dutela ziurtatu du Bruselak. Ituna oztopoa da Bidenek Pekinen aurka osatu nahi duen aliantzan

Txinako eta EBko agintarien telekonferentziaren irudia. JOHANNA GERON / EFE
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 30a
17:19
Entzun

Astebeteko epean, bere bi bazkide komertzial handirekin akordioak lortu ditu Europako Batasunak. Erresuma Batuarekin, orain arteko merkatu bakarrari erabateko hausturak ez jarraitzeko; Txinarekin, berriz, Europako enpresek tratu hobea jaso dezaten herrialde hartan. Azken itun hori gaur lotu dute bideokonferentzia bidez Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Xi Jinping Txinako presidenteak, zazpi urteko negoziazioen ondoren. Edonola ere, oraindik berretsi egin behar dute, eta agian ez du bide erraza izango, Europako Parlamentuak oso gogoan baitu Txinak Tibeten, Xinjiangen eta Hong Kongen duen jarrera zapaltzailea.

«Inbertsiorako akordioak lagundu egingo du Europako Batasunaren eta Txinaren arteko merkataritza eta inbertsio harremana orekatzen», azaldu zuen Von der Leyenek. Izan ere, EBk urteak daramatza kexuka Txinan inbertitu nahi duten bere enpresak desabantailak dituztela Txinako bertako enpresekin, dela haiekin elkartzera behartzen dituztela, dela teknologia partekatzera behartzen dituztela, dela diruz lagundutako enpresa publikoekin lehiatu behar dutela. Hiru arlo horietan hobekuntzak lortu dituela dio EBk, eta horiei esker Txinako enpresekin baldintza beretsuetan lehiatu ahal izango dutela. Trukean, Txinak berme bat lortu du orain bere enpresek EBn dituzten eskubideen inguruan, eta energia berriztagarrietan sarbide handiagoa lortuko du bere konpainientzat.

Halaber, Bruselak Txinaren konpromisoa lortu du bortxatutako lanarekin amaitzeko. Azken kontu horrek kalapita handia sortu du azkenaldian, giza eskubideen aldeko elkarteek Txinako Gobernuari leporatu diotelako milaka uigur arrazoirik gabe atxilotzea eta kontzentrazio eremuetan lan egitera behartzea. Salaketak ukatu ditu Pekinek. Duela bi aste, Europako Parlamentuak aldeko 604 eta aurkako hogei botorekin salatu zuen «gutxiengo musulmanen esplotazioa».

Bidenen arazoa

Pekin-Brusela itunak hirugarren hiriburu batekin egiten du talka, Washingtonekin. Txinarentzat oso garrantzitsua zen ituna aurten lortzea: Donald Trumpen balizko bigarren agintaldi bat lortu izan balu, EB aliatu bat izan zezakeen harekiko gerra hotz berrian; Joe Bidenek irabaztekotan, eragotz zezakeen EBk eta AEBek haren aurkako fronte bat osatzea.
Bidenen garaipenak, alde horretatik, oztopo bat sortu dio EBri, haren administrazioaren helburuetako bat zelako Trumpen garaiko bakartzea utzi, eta nazioarteko aliantza bat osatzea Txinaren praktika komertzial erasokorrei  aurre egiteko.

Txinarekin ituna eginda, proiektu hori zapuztu duela dioten ahotsei erantzun die EBk. «Atzetik genbiltzan, AEBek Txinarekin sinatutakoaren aldean», esan du Valdis Dombrovskis EBko lehendakariordeak, eta Washingtonekin elkarlanean aritzeko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.