Donostiako metroa

Donostiako metroaren obrekin segitzeko 50,9 milioi euroko proiektua onartu dute

Gaur esleitu dute Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza proiektuaren 2. faseko obra. 40 hilabeteetan lanak amaituta egotea espero du ETSk, eta onartu du lizitazio berria egin dutela zundaketetan uste baino harri iragazkor gehiago topatu eta Zubieta kalean azaldutako zuloengatik.

Donostiako Metroaren lanengatik Zubieta kalean sortutako bigarren zuloa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maider Galardi F. Agirre.
2020ko abenduaren 30a
17:47
Entzun

Euskal Trenbide Sareak jakinera eman du gaur lizitatu dituela Mirakontxa-Easo tarteko lanen 2. fasea eraikitzeko lanak. 50,9 milioi euroko oinarrizko kostua izango du, eta espero dute 40 hilabeteetan lanak amaitzea. Zehazki, 4,2 kilometroko bidea da eraiki behar dutena, eta azken hilabeteetan sortutako ezbeharren lanen gainkostuari irtenbidea ematea da asmoa. Batetik, zundaketetan harri iragazkorra eta ura topatu dute azken hilabeteotan, eta bestetik, Zubietako kaleko zuloei egin die erreferentzia ETSk, prentsa oharrean.

Bi kasuetan "lanekin aurrera egin ahal izateko teknikak oso motelak eta garestiagoak" direla esan du sareak, eta horregatik, esleipen berria egin dute. Izan ere, bi oztopo horiei aurre egiteko kostua Kontratuen Legeak baimendutakoa baino handiagoa zen, eta, ondorioz, oharrean esan dute "ezinezkoa" zela beste erabakirik hartzea.

Esleipen berria maiatzean egitea aurreikusi dute, baina lanak ez direla etengo jakinarazi du ETSk: "Lanean jarraituko da hondeatutako tunelaren hormigoizko egiturazko estalduran, zorupea sendotzeko eta auskultatzeko lanetan, gerta daitezkeen gorabeherak saihesteko". Horrez gain, adierazi dute hainbat lan aurreratuta daudela dagoeneko: Easoko haitzuloaren sarbidea eta aireztapenaren indusketa eta euste lanak, Autonomia kaleko kanoia eta Osasun kaleko igogailuaren putzua eginda daude. Dagoeneko eginda dauden lanek 31,8 milioi euroko balioa dutela nabarmendu du ETSk, eta enpresa horrek egiten segituko duten lanek 3,5 milioi euro gehiagoko kostua izango duela aurreikusi dute.

Lanak eteteko eskaera

Zubieta kaleko lehen zuloa ekainean agertu zen. Aurretik ere hainbat protesta egin ditu Satorralaia elkarteak, baina gertaera horren ostean berriro ere eskatu zuten obrak eteteko. Handik bi egunera, azaroaren 17an agertu zen beste zulo bat, kale horretan bertan. Donostiako EH Bilduk salatu zuen orduan informazioa "ezkutatzen" ari zirela obraren arduradunak.

Orain, ETSk esan du harri iragazkorra egonkortzeko eta Zubieta kaleko zuloak estaltzeko lanean jardungo direla: Morlanseko arrapalan lurra iragazgaiztea eta tunelaren kablearen gainean tratamendu espezifiko bat egiten ari dira, "erresistentzia gaitasuna hobetzeko. Zubieta kalean, berriz zuloa "faseka tratatu, finkatu eta bete" egin dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.