Poliziek dozenaka herritar salatu dituzte arauak hausteagatik

Bilboko hotel batean 21 pertsona atzeman dituzte, hiru gelatan festak egiten. Gasteizen, festa batean harrapatu dituzte hamabost lagun.

Ertzaintzaren kontrol bat, abendu hasieran, Irun inguruan. GORKA ESTRADA / EFE
2021eko urtarrilaren 1a
16:32
Entzun

Urtezahar gaua ospatzeko elkarretaratze gehienak arazorik gabe pasatu dira, baina izan dira salbuespen batzuk. Bilboko hotel batean, ostatuko bertako harrerako langileak ohartarazi ditu poliziak goizalde honetan, gela batzuetan festak egiten ari zirela sumatuta, eta gela horietan erregistratuta zeudenak baino pertsona gehiago elkartu direla irudituta.

Ertzainak joan dira hotelera —ez dute jakinarazi izena—, eta hiru gelatan 21 lagun atzeman dituzte, festa egiten. Gelak hartuak zituztenak baino jende gehiago zegoen elkartuta festa horietan. Lotarako lekua hartuta, urteko azkeneko eguna ospatzen ari ziren. Ostatu publikoetan festak egitea propio debekatu zuten agintariek.

Antzera gertatu da Urolako Kostako (Gipuzkoa) nekazalturismo batean —ez dute herria zehaztu—. Hogei lagun atzeman dituzte, ospakizunetan. Salatu egin dituzte horiek guztiak, isunak jar diezazkieten, koronabirusaren aurkako araudiak urratzeagatik.

Horiez gain, beste 40 pertsona ere identifikatu dituzte poliziek, hainbat etxetan, osasun arauak urratzeagatik. Bilbon, Donostian, Aramaion (Araba) eta Deban (Gipuzkoa) gertatu da hori. Ostatu batzuk ere salatu dituzte, gehienezko edukiera gainditzeagatik.

Gasteizko udaltzainek, berriz, hamabost lagun atzeman dituzte Ali Gobeo industria gunean. Festa bat egiten ari ziren, legez kanpo, polizien esanetan. Gasteizko udaltzainek beste 26 lagun ere salatu dituzte goizaldean.

Nafarroan, berriz, foruzainek beste 22 pertsona salatu dituzte, osasun neurrian urratzea leporatuta. 22 horietatik hamalauri leporatu diete etxeratzeko agindua indarrean jarri eta geroago kalean ibiltzea. Ostatu batzuk ere salatu dituzte gehienezko edukiera gainditu dutelakoan.

Iruñean, udaltzainek eta foruzainek 47 salaketa jarri dituzte goizaldean. Horietatik hamalau, maskararik ez erabiltzeagatik salatu dituzte; beste 21, berriz, distantzia gorde gabe erretzen ibiltzeagatik.

Zaborrontzi erreak

Zaborrontziak ere erre dituzte joan den goizaldean hainbat lekutan. Bizkaiko suhiltzaileek jakinarazi dute Barakaldon, Derion, Getxon, Nabarnizen eta Sestaon, gutxienez, su emanda erretzen ari ziren zaborrontziak itzaltzen aritu behar izan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.