Niger

Jihadistek 70 lagun hil dituzte Nigerren

Milizia batek bi herriren aurkako erasoak egin ditu, aurreko asteko bozen emaitzak argitaratu ostean.

Idrissa Issaka, bozen emaitzen berri ematen, atzo. SOULEYMANE AG ANARA / EFE
2021eko urtarrilaren 3a
10:47
Entzun

Jihadistek, gutxienez, 70 lagun hil eta 20 zauritu dituzte Niger mendebaldean, Maliko mugatik gertu. Nigerko Barne ministro Alkache Alhadak adierazi du tropak bidali dituztela ingurura. Hauteskunde Batzordeak aurreko asteko bozen emaitzak jakinarazi ondoren iritsi da erasoa. 

Tchoma Bangou eta Zaroumdareye herriak Tillaberi eskualdean daude, Niamei hiriburutik 150 kilometro ingurura. RFI irrati kateak zabaldu duenaren arabera, jihadistak herriak bereganatzen saiatu ziren, baina herritarrek kanporatu egin zituzten. Horri erantzunez, eraso bat abiatu zuten atzo. Talde bakar batek ere ez du oraindik erasoa bere gain hartu, baina hainbat hedabidek talde jihadistengan jarri du fokua, azken hilabeteetan eginiko beste eraso batzuekin duen antzekotasunagatik. Erasotzaileak Malin dituzten baseetatik iritsi ziren, Efe albiste agentziak aipatutako lekukoen arabera, hainbat arma motaz hornituta. 

Nigerren pasa den igandean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak, eta atzo eman zuen horien berri Idrissa Issaka Hauteskunde Batzordeko presidenteak. Adierazpen horren ostean gertatu zen erasoa. Mohamed Bazoum Atzerri ministro ohi eta hautagai ofizialistak lortu du boto gehien. Halere, ez zuen horien %50 eskuratzerik izan, eta otsailaren 21eko bigarren itzulian berretsi beharko du garaipena.

Herrialdeko hurrengo gobernuaren arazo nagusia talde jihadistek eremuan lortu duten indarrari aurre egitea izango da. Izan ere, azken hilabeteetan gora egin dute milizia jihadistek eginiko erasoak, batez ere,  Malik, Nigerrek eta Burkina Fasok muga egiten duten eremuan. ISGS Sahara Handiko Estatu Islamikoa, Boko Haram eta ISWA Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoa taldeak dira eraso gehienen atzean daudenak. Halere, horiek ez dira talde bakarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.