Errugbia

Aldaera berriaren hamar kasu atzeman dituzte Aviron Baiona taldean, Leicesterren aurka jokatu ostean

Lapurdiko errugbi taldeak Leicesterren aurka jokatu zuen abenduaren 19an. Partida haren ostean hasi ziren kasuan agertzen.

Avironen partida bat, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
2021eko urtarrilaren 3a
13:37
Entzun

Aviron Baiona errugbi taldeko hamar kidek positibo eman dute COVID-19a detektatzeko probetan. Guztiak asintomatikoak dira. Ustez, Leicesterren (Ingalaterra) aurka jokatutakoan hasi dira kasuak agertzen. Izan ere, Erresuma Batuan atzemandako aldaera berria detektatu diete.

Azken biei abenduaren 31n detektatu zieten: jokalari bati eta taldeko langile bati. Atzo eginiko probetan gehiago baieztatu ez dituzten arren, taldekide guztiak bakarturik daude. Izan ere, Frantziako Errugbi Federazioak ezarritako protokoloak direla medio, taldeak bakarturik egon beharko du astebetez, azken kasua atzeman zutenetik. Hau da, urtarrilaren 7ra arte. Horren ondorioz, arriskuan dago ostiralean Toulonen aurka jokatu behar duten partida. Izan ere, taldea ez da entrenatu abenduaren 23tik. Tartean, beste bi partida atzeratu behar izan dituzte.

Avironek abenduaren 19an jokatu zuen Europako Txapelketako norgehiagoka Leicesterren aurka, eta, pare bat egun igaro ostean, bi kasuren berri eman zuen Ingalaterrako taldeak. Bi taldeak urtarrilaren 15ean dira itzuliko partida jokatzekoak. Baionako taldeko presidente Philippe Tayeb haserre dago, ordea, eta adierazi du ez dela «segurua» norgehiagoka hori jokatzea: «Gauzak dauden bezala, ez dugu jokatuko Europako Txapelketa». 

Hala, nabarmendu du gutxienez urtarrilaren amaierara arte ez dutela jokatuko partidarik. Taldeak, prentsa ohar baten bidez, jakinarazi du TOP-14ko Agenen aurkako partida izango duela hurrengoa, urtarrilaren 30ean, «prestatzeko beharrezko denbora» izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.