Futbola

Gaizka Garitano ordezkatzeko, Marcelino Garcia Toral

Athleticek iragarri du "aurreakordioa" duela entrenatzaile espainiarrarekin 2022ko ekainaren 30era arte. Deriokoa ordezkatuko du, horrenbestez, hura kargutik kendu baitu Athleticeko zuzendaritzak, Elxi ligako partida irabazi eta gutxira.

Garitano, azaroko partidan, Getafen. EFE
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 3a
19:02
Entzun

Athleticek bidean dauka Gaizka Garitano ordezkatuko duen entrenatzailea: Marcelino Garcia Toral espainiarra. "Aurreakordioa" iragarri du klubak, 2022ko ekainaren 30era arte: "Kontratua itxita dagoenean iragarriko dugu nola osatuko den lehen taldeko entrenatzaile multzoa", gehitu du albistean. Orain arte 416 partida zuzendu ditu: 320 ligan, 54 Espainiako Kopan eta 42 Europan. Azkeneko taldea Valentzia izan zuen, 2018-19 denboraldian, eta Kopa irabazi zuen. Aurretik talde hauetan aritu zen: Sporting Gijon, Recreativo Huelva, Racing Santander, Zaragoza, Sevilla eta Vila-real. 

Gaizka Garitanoren aroa bukatutzat ematea erabaki du aurretik Athleticen zuzendaritzak. Kargugabetu egin du Aitor Elizegi presidentearen agintari multzoak, noiz eta Elxi ligako partida irabazi (1-0) eta ia segituan. Bederatzigarren da oraintxe taldea sailkapenean. 

Bi urte eta hogeita bederatzi egun egin ditu lehen taldeko arduradun lanetan Garitanok. Eduardo Berizzo ordezkatu zuenean bigarren taldeko entrenatzailea zen. 89 partidatan eseri da Athleticen aulkian, eta badu lorpen handi bat: Espainiako Kopako finalera sailkatu zuen taldea aurreko sasoian. Oraindik jokatu gabe dago Realaren aurkako finala, pandemiagatik. Beste lorpenak ez du zerikusirik emaitzekin: harrobiko hainbat jokalari gazteri ari zen aukerak ematen. 

Sasoi honetan, emaitza onik gabe ekin zion ligari Athleticek, eta hasiera-hasieratik izan ditu kontrakoak Derioko entrenatzaileak. Pixkanaka, baina, emaitza onak lortzen joan da taldea, nahiz eta bolada hori luzatu ezinda ibili den (Lehen Mailako talde ia denak dabiltza horrela). Erasoko jokoari ekarpenik ez egitea leporatu diote kritikoek, eta emaitza txarra izan den bakoitzean, Garitanoren kargugabetzea eskatu izan dute haiek (hainbat zalek sare sozialetan, eta hedabide batzuek). Denboraldi honetan, behin baino gehiagotan zabaldu izan da Garitanoren lana kinka larrian zegoela, baina beti gainditu izan ditu arrisku horiek. Inork espero ez zuenean, baina, Elizegik entrenatzailea paretik kentzea erabaki du, Batzar Nagusiak zuzendaritzaren aurka egin eta egun gutxira. 

Ordezkoa zein izango den ez du argitara eman zuzendaritzak, baina hainbat hedabidetan izen bat dabil bolo-bolo: Marcelino Garcia Toral espainiarra. 

Garitanoren agurreko mezua

Kaleratu berria izan den entrenatzaileak oharra atera du Athleticen bitartez. Hauxe da Garitanok idatzitakoa: "Eskerrak bihotzez Athleticeko entrenatzaile izateko aukera eman didazuen guztioi: klubeko langile, zale eta bereziki jokalariei. Ohore bat izan da txikitatik hainbeste maite dudan taldea zuzentzea. Hemendik aurrera ere, nagoen tokitik, athleticzale bat gehiago izaten jarraituko dut. Etorkizun oparoa dugu aurretik. Aupa Athletic!!!".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.