Katalunia

Nazioarteko 50 pertsona ospetsuk amnistia eskatu dute Kataluniako preso independentistentzat

Gerry Adamsek, Yoko Onok, Dilma Rousseffek eta Irvin Welshek hartu dute parte Omniumek sustatutako kanpaina batean, besteak beste.

Jordi Cuixart Omniumeko presidentea, udan, elkartearen egoitza nagusian, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE
2021eko urtarrilaren 4a
15:34
Entzun

Jordi Cuixart preso independentista buru duen Omnium Cultural elkarteak mundu osoko 50 pertsona ospetsuk sinatutako manifestu bat eman du gaur argitara. Kulturaren, politikaren eta giza eskubideen alorreko hainbat lagunek amnistia eskatu dute Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta espetxean dauden politikari eta ekintzaileentzat. Dialogue for Catalonia izena jarri diote manifestuari, eta The Washington Post eta The Guardian egunkarietan atera dute.

Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia, Yoko Ono artista, Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohia eta Irvin Welsh idazlea. Nobel saria jaso duten bost pertsonak ere sinatu dute agiria. Bakearen Nobel saria duten Shirin Ebadi abokatu irandarrak, Jody Williams ekintzaile estatubatuarrak, Mairead Corrigan ekintzaile irlandarrak eta Adolfo Perez Esquivel eskultore argentinarrak; eta Literaturaren Nobel saria jaso zuen Elfriede Jelinek idazle austriarrak.

Omnium Culturalek Bruselan duen Omnium Civil Rights Europe ordezkaritzak bultzatu du ekintza. Agiri horretan, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko «elkarrizketa» eskatu dute, Kataluniako herritarrei «euren etorkizun politikoa erabakitzeko aukera emango dien irtenbide bat» aurki dezaten. Nabarmendu dute, elkarrizketa horiek arrakasta izan dezaten, ezinbestekoa dela «errepresio politikorik» ez egotea eta auzipetuei «amnistia ematea».

Sinatzaileen esanetan, «giza eskubideen nazioarteko eragile nagusiek» kritikatu izan dute Kataluniako buruzagien egungo egoera, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak atxiloketa bidegabeei buruz egin zuen lan bat aipatu dute.

Manifestua sinatu dute, lehen esandakoez gain, Benn Emerson eta Michel Forst NBEren kontalari ohiek, Holger K. Nielsen Danimarkako Atzerri ministro ohiak, Clayborn Cason Esloveniako presidente ohiak, Remy Pagani Genevako (Suitza) alkate ohiak eta Mirta Baravalle Maiatzeko Plazako Amak elkarteko sortzaileetako batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.