Konfinamendua ezarri dute Erresuma Batuan, eta ikastetxeak itxi dituzte

Boris Johnsonek adierazi du osasun sistema babesteko asmoz ezarri dutela martxoko konfinamendu bera Ingalaterran. Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak erabaki bera hartu dute ordu batzuk lehenago. Egun bakarrean, 58.784 positibo atzeman dituzte Erresuma Batuan. Nicola Sturgeonek aitortu du martxoan baino kezkatuago daudela.

Boris Johnson, atzo, BBC telebista katean. JEFF OVERS HANDOUT / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Andoni Imaz
2021eko urtarrilaren 4a
16:28
Entzun

Telebistan egindako agerraldi batean, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du neurriak zorroztuko dituztela koronabirusaren aldaera berriak izan duen hedapena dela kausa. «Itxialdira jo behar dugu», adierazi du. Herritarrek ezinbestekoa denean soilik izango dute kalera ateratzeko baimena, eta eskolak itxi egingo dituzte. Johnsonek esan du ulertzen dituela eskolen itxierak eragingo dituen «ezinegona eta eragozpenak», baina birusaren transmisiorako «kutsatze bektorea» direla ondorioztatu dutelako hartu dute erabaki hori, haren esanetan.

Johnsonek adierazi du neurri horiek gutxienez sei astez egongo direla indarrean. Herritarrek aukera izango dute egunean behin etxetik ateratzeko jarduera fisikoa egiteko. Ikasleek eskolak etxetik jarraituko dituzte, gutxienez, otsaileko oporretara arte —hilaren 15etik 19rako astea dute jai—. Johnsonek gomendatu du neurri horiek gaurtik aurrera betetzeko, eta saltokiei ere bihartik ixteko gomendioa egin diete. Hala ere, parlamentariek asteazkenean onartuko dituzte neurri berriak.

Gaur emandako datuen arabera, 26.626 paziente daude Ingalaterrako ospitaleetan, gaur zortzi baino %30 gehiago. Apirilaren 12an, 18.374 zeuden. Erresuma Batuan, atzemandako positiboen kopurua hirukoiztu egin da abenduaren hasierako datuekin alderatuz gero.

Azken egunetan, neurriak zorrozteko presioa handitu egin da. Keir Starmer oposizioko laboristak «martxoko espiritura» itzultzeko eskatu dio Johnsoni, eta konfinamendu orokor bat ezartzeko. «Herritarrei neurririk zorrotzenak ezarri behar badizkiegu, txertaketa kanpaina lehenbailehen abiatzeko konpromisoa izan behar dugu. Bi milioi dosi astero urtarrilean, eta bikoitza otsailean. «Horrek izan behar du akordioa», adierazi du Starmerrek.

Eskoziak iragarria zuen koronabirusaren aurkako neurriak gogortuko dituela gauerditik aurrera. Nicola Sturgeon lehen ministroak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, asteartetik otsailera arte etxeratzeko agindua eman du, ikastetxeak itxi egingo dituzte, eta, ahal den kasuetan, etxetik lan egin beharko dute eskoziarrek. Gainera, kalean biltzea debekatuta egongo da, eta norberarena ez den beste etxe bateko pertsona bakar batekin elkartu ahal izango da. Taldekako jarduerak bertan behera geratuko dira, eta otoitzerako lekuak ere itxi egingo dituzte.

Sturgeonek azaldu duenez, abenduan aurkitu zuten koronabirusaren aldaera berriak eragin du neurriak gogortzea. Gaur 1.905 positibo atzeman dituzte, eta, Sturgeonen arabera, horien erdiak daude aldaera berriarekin lotuta. Guztira, positibo tasa %15ekoa da Eskozian. Lehen olatuan baino kezkatuago daudela aitortu du lehen ministroak. Kutsatzeen gorako joerak ospitaleetako zerbitzuak kinkan jar ditzakeela esan du, eta horrekin jarraituz gero, hiru edo lau astean gainezka egin dezaketela. Glasgow eta Lanarkshireko ospitaleak oso estu daudela esan du, eta Eguberrien osteko ondorioak ikusteko daudela, gainera.

Araudi berriarekin, soilik oinarrizko eginbeharretara atera ahal izango dira eskoziarrak: hala nola janaria eta botikak erostera, kirola egitera eta zaintza lanak egitera. Eraikuntza eta fabrikazio enpresak irekita egongo dira, baina Sturgeonek ez du baztertu aurrerago horien jarduna ere etetea. Irakasleek txertoa jasotzerako orduan lehentasuna izatea ere ari da aztertzen Eskoziako Gobernua. Orain arte 100.000 lagunek jaso dute txertoa, eta aurki beste 900.000 dosi izatea espero dute. Edonola ere, ikastetxeak ireki ahal izateko neurriak bete behar direla eta birusaren transmisioa murriztu behar dela esan du Sturgeonek. «Eskoziako Gobernuak ahal duena egingo du birusaren zabalpena eteteko, baina guztion ardura da ahal duguna egitea».

Koronabirusaren aldaera berria Kenten agertu zen, abendu hasieran, eta hasierako birusa baino azkarrago zabaltzen ari da. Hain zuzen, Aviron Baionako errugbi taldeko hamar kidek positibo eman dute aldaera horretan, Leicesterren aurka jokatu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.