Ertzaintza Aizarnazabalen hilotz agertu den emakumearen azken egunak ikertzen ari da

Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak esan duenez, oraingoz ez dute inor atxilotu. Gehitu du oraindik goiz dela hildakoa indarkeria matxistarekin lotzeko: «Hipotesi guztiak zabalik daude».

Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 5a
10:04
Entzun

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du argitzeko nola hil zen atzo Aizarnazabalen (Gipuzkoa) indarkeria zantzuk zituela hilda aurkitu zuten emakumea. Hala baieztatu du gaur goizean Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, eta jakinarazi du oraingoz ez dutela inor atxilotu. Haren iritziz, oraindik goiz da hilketa indarkeria matxistarekin lotzeko, «hipotesi guztiak zabalik daudelako».

Urtarrilaren 1ean, Donostiako 32 urteko emakumezko bat desagertua zela salatu zuten Ertzaintzan, eta, gaur baieztatu dutenez, harena da gorpua. Aintzane Pujana izena zuen, eta azken aldiz Aizarnazabalen bertan ikusi zuten. Jakitera eman dutenez, labana batekin egindako zauriak zituen, eta hil eta gutxira aurkitu zuten gorpua, oraindik desegiten hasi gabe baitzegoen. Gaur egingo diote autopsia.

Oraingoz, Ertzaintzaren helburua zera da, biktima azken egunetan norekin egon zen argitzea. Gartziak esan du autopsia plazaratu arte itxaron beharko dela biktima nola hil zen jakiteko, eta gaia epaitegien esku uzteko. «Gure egitekoa gertatutakoa argitzea da, testuingurua jartzea, eta azken orduetan biktimarekin egon zirenak identifikatzea», azpimarratu du. Ikerketan aurrera egin dutela esan du Gartziak, baina ezin duela askoz gehiago esan hipotesi guztiak zabalik daudelako.

Goiz osoan jardun dute Ertzaintzako kideek froga bila gorpua aurkitu zuten lekuan, Aizarnazabaleko Etxabe auzoan. Urola ibaian ere ibili dira urpekariak.

Atzo, 11:00ak inguru zirenean topatu zuten gorpua behargin batzuek, Urola ibaitik gertu, sasi batzuetan, eta Ertzaintzari deitu zioten. Epaileak gorpua jasotzeko agindua eman eta gero, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman zuten, autopsia egiteko eta heriotza zerk eragin zuen zehazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.