Mobilizazioak prestatzen ari dira administrazioko behin-behineko langileen egoera salatzeko

ELAk jakinarazi du protesta egutegi bat lantzen ari dela beste sindikatuekin batera. Salatu du gobernuek eta alderdiek ez dutela «benetako urratsik» egin egoera konpontzeko.

Eusko Jaurlaritzaren lan eskaintza publiko baterako proba bat. JON HERNAEZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 5a
11:17
Entzun

ELA mobilizazioen egutegi bat lantzen ari da gainerako sindikatuekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoetako behin-behineko «50.000 langile baino gehiagoren» enplegua bermatzeko. Horren diseinuan aurrera egiteko, urtarrilaren 11n bilduko dira berriro.

Ohar batean sindikatu abertzaleak gogorarazi du urteak daramatzala salatzen administraziokoetako hamar langiletik lau aldi baterakoak direla eta «[Espainiako] Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena» duten lurraldeak direla. Nabarmendu du Europako auzitegiek ere gaitzetsi egin dutela euskal sektore publikoan behin-behinekotasuna «gehiegikeriaz» erabiltzen dela.

Hori hala izanik ere, ELAk salatu du «ez Eusko Jaurlaritzak, ez estatuak, ezta euskal alderdi politikoek ere», ez dutela «benetako urratsik» egin egoera hori aldatzeko, «nahiz eta azken urteotan egindako mobilizazio eta greba guztietan behin eta berriz eskatu den egoera hori pairatzen duten langileen enplegu finkatu behar dela».

Azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatzeko eta sektore publikoaren behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak hartzeko asmoa agertu du. ELAren ustez, horrek ahalbidetu behar luke Euskal Herrian ere egoera hori pairatzen duten langile publikoen enplegua bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak ere Kidegoen eta Eskalen Legea aldatzeko egitasmo bat aurkeztu zuen abendu hasieran. Horren arabera, lan eskaintza publikoetan baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten behin-behineko langileek ez lukete oposizio proba osoa egin behar. Horri buruz ELAk ez du baloraziorik egin, astearte honetan bidalitako oharrean. Jaurlaritzak egitasmoa aurkeztu zuenean, «erabat arbuiatu» zuen, «adabaki bat» zela esan zuen, argudiatuta horrek ez duela konponduko sektore publikoan dagoen behin-behinekotasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.