New Yorken atzeman dute Erresuma Batuko aldaera

Ingalaterran ez dute baztertzen itxialdia martxora arte luzatu behar izatea. Italian ere eutsi egingo diete Gabonetan ezarritako zenbait murrizketari.

Anbulantziak Rota London erietxearen atarian. FACUNDO ARRIZABALAGA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 5a
11:50
Entzun

Txertoa banatzen hasi izanak ez ditu kutsatzeak moteldu. Europan Alemaniaren ostean, Erresuma Batuak ere itxialdia ezarri du. Ingalaterra dago egoera okerrenean, eta Londresek aurreratu du martxora arte luza daitekeela berrogeialdia. Atzo iragarri zuen Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak itxialdia, eta gaur murrizketa gehiago jakinaraztea espero da, zehazki kanpo mugei dagozkienak. Erresuma Batuan atzemandako COVID-19aren aldaera berriarekin lotzen dute adituek kutsatzeak azkartu izana, eta aldaera hori bera da atzo New Yorken (AEB) aurkitu zutena. Hiri hura izan zen lehen olatuan koronabirusak gogorren jotakoa, eta, orain han ere txertaketa kanpaina hasi duten arren, osasun langileak kexu dira soilik 110.000 lagunek jaso dutelako txertoaren lehen dosia 8 milioi laguneko hirian.

AEBek Pfizer-BioNTechek eta Modernak ekoitzitako 13 milioi dosi banatu dituzte herrialde osoan, baina orain arte soilik 4,2 milioi pertsonak hartu dute txertoa. Halere, lasaitasuna eskatu du Anthony Faucik, presidentearen osasun aholkulari eta Alergia eta Gaixotasun Infekziosoetarako Institutu Nazionaleko buruak: «Ez gaude nahiko genukeen tokian, baina lortuko dugu. Gobernu zentralaren eta estatuen arteko elkarlana bultzatu behar dugu txertaketa kanpainak arrakasta izan dezan». Oraingoz osasun langileen eta 75 urtetik gorakoen artean hasi dira txertoak jartzen.

Baina Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadorearen gaineko presioa handituz doa. Cuomok berak jakinarazi zuen atzo aldaera berria atzeman ziotela 60 urteko gizonezko bati, baina New Yorken bertan kutsatu zen susmoa dutela, alegia datozen egunetan kasu gehiago ager daitezkeela. «Uste dut datuek erakusten dutena baino zabalduago dagoela».

Europan ere murrizketak gogortuz doaz. Ingalaterra, Eskozia, Ipar Irlanda eta Gales itxialdian daude dagoeneko, eta soilik lanera edo erosketak egitera irten daitezke herritarrak etxetik. Oraingoz Ingalaterra da itxialdi luzeena ezarri duena, otsailaren erdira arte, baina gainontzekoek ez dute baztertzen neurriak luzatzea. Alemaniak, berriz, gaur erabakiko du urtarrilaren 10era arte ezarritako berrogeialdia luzatuko duen —eguneko mila hildakoren langa gainditu zuen herrialdeak abendu amaieran, eta kutsatzeek gorantz jarraitzen dute—. Danimarkak ere hamarretik bostera murriztu dezake gaur bil daitezkeen pertsona kopurua.

Kontinente zaharretik at, Japoniak larrialdi egoera ezar dezake datozen orduetan, eguneko 4.600 kutsatu kopurura heldu ostean. Komunikabideen arabera, ostegunean sar daiteke indarrean larrialdi egoera hiriburuan, pandemia hasi zenetik bigarrenez. Egoera horretan tabernak eta jatetxeek iluntzeko zortzietarako itxi beharko dute, baina ikastetxeek zabalik jarraituko dute. 

OME Txinara

OME Osasunaren Mundu Erakundea Txinarako bidaia prestatzen hasia da. Han atzeman zuten lehen aldiz COVID-19a, eta hura non eta nola sortu zen ikertzeari onespena eman dio Pekinek. Adituek, ordea, kritikatu egin dute Txinaren jarrera, eta salatu OMEko ikertzaileek ezin izango dutela askatasunez lan egin.

Duela urtebete pasa atzeman zuten birusa Txinan, baina Txina bera izan da gaitza hobekien kontrolatzeko gai. Joan den udaberritik oso kasu gutxi jakinarazi ditu Pekinek, gehienak atzerritik joandakoenak. Azken orduetan, ordea, 17 kasu komunitarioren berri eman dute, gehienak Hebei probintzian, iparraldean. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.