Teknologia konpainiak

Googleko ehunka langilek sindikatua sortu dute: Alphabet Workers Union

Ezkutuan eratu dute azken urtean. Oraingoz 400 langile inguru ordezkatzen ditu, 260.000 soldatapeko dituen konpainia batean, baina mugarria ezarri du dagoeneko.

Googleko langileek 2018. urtean eginiko protesta bat, zuzendaritzak sexu jazarpenaz akusaturiko buruei dirua ezkutuan eman izanaren aurka. CJ GUNTHER / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 5a
11:53
Entzun

Ez da ohikoa AEBetako Silicon Valleyn. Kaliforniako teknologiaren haraneko enpresetan ingeniariak eta bestelako langileak ez dira normalean elkartzen euren interesak defendatzeko, baina Googleko 400 beharginek lortu berri dutenak tabua hautsi du: sindikatu bat sortu dute.

Atzo iragarri zuten urratsa. Alphabet Workers Union jarri diote izena sindikatuari, Alphabet delako Google konpainiaren ama enpresa. Haren menpe daude, esaterako, Google Maps, Gmail, Calico (bioteknologia), Google X (egitasmo esperimentalak) eta Sidewalk Labs (hirigintza).

Abenduan aukeratu zuten sindikatuaren zuzendaritza. Adierazi dutenez, euren hasierako asmoa ez da zuzendaritzarekin soldatak negoziatzea, baizik eta ekintzailetza zabaltzea konpainiaren barruan «askoz gai gehiago lantzeko». Izan ere, enpresak 260.000 soldatapeko ditu, eta sindikatuak, oraingoz, horien zati txiki bat baino ez du ordezkatzen.

Enpresak erantzun duenez, jarraituko dute euren «langile guztiekin zuzenean» hitz egiten.

Konpainiak ospe handia irabazi zuen 2000ko eta 2010eko hamarkadetan langileei emaniko soldata on eta tratu ustez eredugarriarengatik. Baina azken urteotan ezinegona sortu dute zuzendaritzak harturiko hainbat erabakik.

Esaterako, 2018. urtean, konpainiako 20.000 langile baino gehiagok protesta egin zuten, Alphabet konpainiak enpresa barruan gertaturiko sexu jazarpen eta diskriminazio kasuak isilarazi nahi izan zituela salatzeko. Izan ere, zuzendaritzak ehunka milioi euro ordaindu zizkien hainbat arduradunei isilik egoteko edo konpainiatik alde egiteko, haien kontrako salaketak plazaratu zirenean. Android software plataformaren sortzaile Andy Rubinen kasua da, esaterako. 2014an utzi zuen konpainia, eta AEBetako prentsaren arabera, langile bati eginiko sexu jazarpen salaketa batek eragin zuen erabakia. Konpainiak 70 milioi euro baino gehiago ordaindu zizkion.

Azken hilabeteotan ere egon dira ika-mikak konpainiaren barruan. Timnit Gebru software ingeniariak joan zen abenduan salatu zuenez, enpresak kaleratu egin zuen ikerketa baten emaitzengatik. Gebru adimen artifizialaren etikaren inguruko taldeko zuzendaritzako kidea zen, eta haren ikerketa batek erakutsi zuen Googlek erabiltzen dituen hainbat algoritmok gutxiengoetako herritarren aurkako aurreiritziz kutsaturik daudela. Konpainiak esan zion artikulua erretiratzeko, edo haren sinaduretatik Googleko langileen izena kentzeko, berea tartean.

Urtarrilaren hasieran, AEBetan lan harremanak aztertzen dituen batzordeak (The National Labor Relations Board) kexu bat aurkeztu zuen Googlen aurka, azaroan konpainiak hainbat langile kaleratu zituela eta, haien kasuak ikertu ostean. Langileek gaitzetsi egin zuten enpresak adimen artifizialeko sistemak garatu izana AEBetako Defentsa departamenduko drone programarako, AEBetako inmigrazio bulegoarentzako, eta zentsuraturiko bilatzaile bat Txinarako, besteak beste. Batzordeak ondorioztatu duenez, Googlek langileak «zelatu» egin zituen kanporatu aurretik. Konpainiako langileek euren lanaren alde etikoaz mintzatzeko eskubidea dutela nabarmendu zuen batzordeak, eta zuzendaritzak haiek sindikatua osatzeko eta bestelako taldekako ekintzak «oztopatzen» ari dela salatu zuen.

Lehen ere, sortu dira sindikatuak Interneteko enpresa handietan, baina gutxitan eduki dute arrakasta, norberekoikeria nagusi delako langileen artean, alorreko soldatak oso altuak direlako, eta batzuek ez dutelako argi sindikatuak arazo etikoen inguruan aritzeko tresnarik aproposenak ote diren. Iaz sindikatuak sortu zituzten dirua biltzeko Kickstarter gunearen konpainian, eta aplikazioak garatzeko Glitch plataforman.

Ikusmina sortu du Googleko sindikatuak, besteak beste, Amazoneko langileak ere antolatzen ari direlako, eta datozen hilabeteetan sindikatu bat sortzeko bozketa egingo dutelako Alabamako (AEB) biltegi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.