Gabonak

Errege Magoak ahal bezala iritsi dira Euskal Herrira

Ohiko desfileak bertan behera utzi behar izan dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baina egin dituzte Errege Magoekin lotutako ekitaldiak.

Errege Magoak Sadarren (Iruñea), Osasunako agintariekin eta Enrique Maia alkatearekin egindako ekitaldian. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 5a
13:02
Entzun

Aurten, Errege Magoek alternatibak bilatu behar izan dituzte Euskal Herrira iristeko. Lortu dutela dirudi, ordea; ez ohiko moduan, baina gaur Euskal Herriko kaleetan ibili dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaurko eta biharko orain arteko neurriak mantentzea erabaki dute, eta horiek errespetatuz egin dituzte euren ibilbideak erregeek. Hori bai, «Gabonetan zehar erakutsitako konpromisoa eta jarrera» mantentzeko eskatu dute agintariek.

Iruñeara, adibidez, Espainiako Poliziaren helikoptero batean iritsi dira Errege Magoak. Osasunaren ehungarren urteurrena dela eta Sadarren lur hartu dute, eta Osasunako zuzendaritzako kideez gain, han izan da Enrique Maia alkatea ere. Sadarren alboan, Navarra Arenan, desfilearen ordezko ikuskizun baten hiru saio emango dituzte erregeek gaur, guztira, 3.600 lagunentzat. Urrian iragarri zuten ez zutela desfilerik egingo, 1937tik lehen aldiz. 

Donostian, berriz, kabriolet batean bueltaka ibili ziren Errege Magoak atzo eguerdian, pare bat orduz. Eguraldia ez zuten lagun izan ordea, eta azkenean tapatu egin behar izan zuten ibilgailua. Beste hainbat herritan ere desfilea autoz egitea da asmoa, baina ziurrenik arazo bera izango dute. Arratsaldean, ikuskizun bat egin dute Illunben. Bost aldiz egin dute emanaldia, eta 400 ikusle izan dituzte bakoitzean.

Bilbon eta Gasteizen, antzeko

Bilbon, ikuskizuna Bilbo Arenan izan da. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia, eta COVID-19aren aurkako txertoaren aldeko mezua zabaldu zuten erregeek. Gaur, Donostian bezala, 400 ikusleko bost emanaldi egin dituzte. Ezinbestean, ikuskizunak pandemia izan du hizpide, eta erregeek haurrei zin egin diete aurtengoa «musuen eta besarkaden urtea» izango dela.

Gasteizen, Mendizorrotzako kiroldegia da Errege Magoen etxea. Badatoz Errege Magoak ikuskizunak ehunka haur elkartu ditu han, goizetik hasita egin dituzten sei saioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.