Katalunia

Torra, bigarren epaiketaren atarian

Instrukzio epailearen iritziz, Kataluniako presidente ohiak «errebeldia setatsua» agertu zuen, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren agindua ezarritako epean ez betetzeagatik.

Quim Torra Kataluniako presidente kargugabetua, iazko irailaren 28an, inhabilitatu zuten egunean, Generalitateko jauregiaren parean. ALEJANDRO GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 5a
13:05
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidente ohiari inhabilitazio sententzia baten bidez kendu zion kargua Espainiako Auzitegi Gorenak, iazko irailaren 28an. Legealdiaren amaiera azkartu zuen erabakiak, eta otsailaren 14ko bozetara bultzatu. Generalitateko eraikinetatik xingola horiak eta Preso politikoak, askatasuna zioen pankarta bat agindutako epean ez kentzeagatik zigortu zuen Gorenak. Espainiako Hauteskunde Batzordeak agindu zion pankarta erretiratzeko, iazko apirilean, Espainiako bozetarako kanpainan erakundeek «neutraltasunez» jokatu behar zutela argudiatuta. Beste pankarta batengatik, bigarren epaiketa bati aurre egiteko zorian da orain Torra. Oraingoan, Espainiako azken bozetako kanpainan, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren agindua garaiz ez betetzeagatik.

Auzitegiak agindu zion espetxeratutako eta erbesteratutako buruzagi independentista katalanen aldeko pankarta bat Generalitateko jauregitik kentzeko, eta epez kanpo erretiratu zuten. Bartzelonako 24. instrukzio epaitegiaren iritziz, jarrera horrek Torraren «errebeldia setatsua» islatzen du, eta adierazi du zantzu nahikoa dagoela presidente ohia desobedientziagatik epaitzeko.

Ebazpenak beste epaiketa baten atarian jarri du Torra. Gaurtik, hamar eguneko epea izango dute aldeek ahozko epaiketa bat hasi behar den, kasua artxibatu behar den ala diligentzia gehiago behar diren arrazoitzeko.

Auziak Impuls Ciutada (Bultzada Herritarra) izeneko plataforma baten salaketan du jatorria. Plataformak Ciudadanoseko diputatu ohi Jose Domingo du buru, eta akusazio herritar gisa jardun du auzian.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.