Ekialde Hurbila

Saudi Arabiak eta haren aliatuek Qatar bakartzeko politika amaitu dute

Riadek eta Dohak harreman diplomatikoei berrekiteko akordioa sinatu dute, eta horrek agerian utzi du hiru urte eta erdi iraun duen blokeoak ez duela arrakastarik izan.

Tamim bin Hamad al-Thani Qatarko emirra eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa, gaur, GCCren bilkuraren aurretik. EFE
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 5a
16:02
Entzun

Hein batean bada ere, Ekialde Hurbileko aliantza sistema konplexuak korapilo bat askatu berri du, hiru urte eta erdi iraun duen krisia bideratu ostean. Blokeoak fruiturik eman ez duela jakitun, Saudi Arabiak atzerapauso bat eman du bere estrategian, eta Qatarren aurka abiatu zuen bakartze politikari amaiera eman dio. Hortaz, Riadek eta bere aliatu Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek eta Kuwaitek bertan behera utzi dituzte Dohari egin zizkioten hamahiru exijentziak –Al-Jazeera hedabidea ixtea, esaterako–, eta, trukean, Persiar golkoko herrialde txikiak kendu egingo ditu lau estatu horien aurka nazioarteko hainbat erakundetan aurkezturiko salaketak.

Harremanen normalizaziorako akordioa GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren bilkuran sinatu dute Tamim bin Hamad al-Thani Qatarko emirrak eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoak; hain justu, Qatarko emirra 2017tik lehenengoz hitzordu horretara itzultzea krisiaren amaieraren hasieraren seinaletzat jo da, Kuwaiteko Atzerri Ministerioak atzo gauean jakinarazi baitzuen Saudi Arabiak Qatarrekiko muga berriz irekiko zuela –GCCren goi bilera Saudi Arabiako Al-Ulan egin dute–.

Horiek horrela, Saudi Arabiako printze oinordekoaren eta Qatarko emirraren arteko besarkadak fase berri baten aurrean jar lezake Persiar golkoko herrialdeek osatzen duten taldea, baina horrek ez du zertan esan nahi estatu horien arteko desadostasunak konpondu direnik; izan ere, Egipto blokeoari eustearen aldekoa zen, eta horren harira uler daiteke sinadura ekitaldian hango ordezkaririk ez egotea.

Kairorekin batera, Libiaren ekialdea kontrolpean duen exekutiboa, nazioartearen onarpena duen Yemengo Gobernua eta Maldiva uharteetakoa izan ziren Riaden erabakia babestu zuten beste estatuak. 2017ko ekainean, Saudi Arabiak sustatuta, Persiar golkoko monarkiek eta inguruko aliatu batzuek Qatar bakartzeko neurriak hartu zituzten, «terrorismoari» eta Irani laguntza ematen diolakoan.

Erabaki horrek harreman diplomatikoak erabat etetea eragin zuen: Qatarreranzko hegaldiak gelditu zituzten, eta aire eremua debekatu zioten Qatar Airwaysi; Saudi Arabiak lurreko muga itxi zion, baita itsasokoa ere beste bizilagunekin batera; eta zenbait gairen esportazioak eta inportazioak gelditu zituzten, besteak beste. Dohak bere subiranotasunaren aurkako erasotzat jo zituen neurriok.

Hiru urte eta erdian, Qatarrek Iranekiko eta Turkiarekiko harremanak hobetu behar izan ditu, bizirik irauteko estrategia gisara, nahiz eta bizilagunen blokeoak ez dion arazo handirik sortu. Orain, GCCaren bilkurako akordioari esker, sinatzaileek «batasunean eta elkartasunean» jarri nahi dute arreta eskualdeko «erronken aurrean», Saudi Arabiako printze oinordekoak adierazi duenez. Erronka horietako bat Irani aurre egitea litzateke.

Qatarrek 2,6 milioi biztanle ditu, nahiz eta bertako herritartasuna 300.000 inguruk bakarrik duten; horrez gain, munduko gas eta petrolio hobi aberatsenetakoak ditu. GCCko kidea da Persiar golkoko beste bost monarkiekin batera, eta Ekialde Hurbileko bi koalizio militar handitan ere haiekin parte hartu du —AEBek Estatu Islamikoaren aurka zuzendu zutena, eta Yemenen matxino huthien aurkakoan—.

Datorren urteko Munduko Futbol Kopa, gainera, Qatarren jokatuko dute, eta, hitzordu horri begira ere, inguruko herrialdeen blokeoa kentzea garaipen gisara har dezake Dohak.

AEBen interesak

AEB Ameriketako Estatu Batuentzat, Ekialde Hurbileko bi aliatu estrategikok gatazka diplomatiko bat izateak bere interesen aurkakoa izan da, eta testuinguru horretan kokatu behar da Donald Trumpen aholkulari Jared Kushner itunaren sinadura ekitaldian izatea, azken hilabeteetan Saudi Arabiaren eta Qatarren arteko harremana bideratzeko bitartekaritza lanetan aritu baita. Gainera, Etxe Zurian izango den aldaketari begira, Riadek nahiago izan du arazoa konponduta egotea Joe Bidenek hilaren 20an karguaren zina egin aurretik.

Washingtonentzat, bere aliatuak elkartuta egotea ezinbestekoa da Ekialde Hurbilean Iranen aurka duen estrategiak porrot egin ez dezan, baina oraindik ikusteko dago gaurko itunak eta estatu horien arteko harreman diplomatikoak berreskuratzeak aldaketa nabarmenik eragingo duen epe luzera begira. Bidenen lehentasunek ere zeresana emango dute Ekialde Hurbileko orekan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.