Abiatu dute txertatze kanpaina Ipar Euskal Herrian

Gaur goizean jaso dute txertoa Baionako ospitaleko bi egoiliarrek. Bihartik aitzina, osasun langileei ere zabalduko diete

Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendaria, txertoa jasotzen, gaur arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urtarrilaren 6a
17:20
Entzun

Frederic (86 urte) eta Micheline (91 urte) izan dira Covid-19 gaixotasunaren kontrako txertoa jaso duten lehen pazienteak Ipar Euskal Herrian. Baionako ospitaleko bi egoiliarrek gaur goizean jaso dute lehen txertoa, eta zerrenda luze bateko lehenak izanen direla espero dute osasun agintariek. Atzo gauean iritsi ziren Baionako ospitalera astelehenean iragarri zituzten 4.875 dosiak, eta gaur goizean hasi dira banatzen. Bihartik aitzina, lehen faserako aurreikusiak diren pertsona guziek jasotzen ahalko dute, horretarako prestatu dituzte txertatze gune ezberdinetan. Baionako ospitalean zentralizatuko dute kudeaketa, eta bertan atxikiko dituzte txerto dosiak; 180.000 dosi jaso ditzakeen izozkailu bat dute horretarako, aurki beteago ikusi nahiko luketena.

Zaharretxeetako egoiliarrak txertatuko dituzte lehentasunez, bakoitza dagoen egoitzetan. Oniritziak jasotzen aritu dira azken asteetan, eta Baionako ospitalearen ardurapean diren 600 egoiliarretatik erdiek eman dute onespena orain arte, baina Michel Glanes ospitaleko zuzendariak nabarmendu du oraindik denei ez dietela galdetu. Egoiliarrekin batera, 50 urte baino gehiago dituzten ala zaurgarriak diren osasun langileak txertatuko dituzte, izan osasungintza publikokoak, osasungintza pribatukoak ala mediku liberalak. Doctolib enpresaren sistema erabiliko dute sarean hitzorduak hartzeko. Hilabetea bukatu aitzin, bigarren fasera pasa nahiko lukete.

Glanes bera izan osasungintzako langileetan txertatzen lehena, Ipar Euskal Herrian abiatuko duten txertatze kanpainaren aurkezpenaren ondotik. Kamera eta flaxez inguraturik, irribarrea ahoan, bihartik aitzina txertoa jasotzera joanen den edozein pertsonak egin beharko duen zirkuitua egin du kazetarien aitzinean: informazio fitxa bete, atorra askatu, aulkian eseri, eta eskuineko sorbaldan tentu handiz orratza sartu dio erizainak. «Hara!» batekin eman du bukatutzat ekintza zuzendariak, ospitaleko langile batzuk txalo lotsati batzuk egiten ari zirela.

Izan ere, kritika andana jaso du Frantziako Gobernuak Europako beste herrialde batzuen aldean hartu duen berantagatik. Adibide bat ematearren, txertatze kanpaina hasi eta lehen astean kasik 8.000 txerto emanak zituzten Hego Euskal Herrian; anartean, milatara ere ez ziren helduak Frantziaren meneko lurraldeetan. Maritxu Blanzaco ARS Eskualdeko Osasun Agentziako Pirinio Atlantikoetako zuzendariaren hitzetan bi arrazoi nagusi daude hori esplikatzeko: batetik, Pfizer txertoak eskatzen duen «logistika zaila», txertoa ezin baita «edozein izotz kutxatan» garraiatu. Eta bestetik, Frantziako Gobernuak erabakitako estrategia aipatu du: «adineko pertsonak, zaurgarrienak eta osasun langileak lehenetsi ditugu; hautu bat da, gure ustez hautu ona». Eta Frantzia mailako datu hau eman du: «zaharretxeetako egoiliarrak biztanleriaren %1 dira; alta, Covid-19aren ondorioz hiltzen diren %30a dira». Frantzia mailan, hilabetea bukatzerako milioi bat pertsona txertatu nahi lituzketela erran du Frantziako Gobernuak; Ipar Euskal Herrian helburu bezala zer kopuru hartu duten galdetuta, «ahal bezain bat» kausitu nahi lituzketela erran dute gaur arratsaldean.

Berriki, txertatze kanpainan «lurraldeei leku gehiago» emateko eskatu du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. «Lurraldea prest dago txerto-dromo bilakatzeko. Dagoeneko erakutsi du bere laguntza gaitasuna test kanpainan», adierazi du. Astelehenean Pirinio Atlantikoetako prefetarekin egindako bilera batean, lurraldeei konfiantza gehiago egiteko eskatu zion Sud Ouest egunkariaren arabera. «Osasun teknokrazia» aipatu du elkargoko lehendakariak. «Maskarak berandu iritsi ziren, kosta zitzaigun lortzea. Hobeki antolatu eta bitartekari izan gaitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.