Athletic 2-3 Bartzelona

Estreinakoan, Marcelino galtzaile

Athleticek galdu egin du Bartzelonaren aurka, ligako atzeratutako partidan. Marcelinoren debutean, lehen zantzuak azaldu dira.

jarraia191906.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 6a
23:16
Entzun

Entrenatzaile berriaren aurreneko partida ez da zehatza izaten bere biziko analisi sakonak egiteko. Aldaketek gauza berriak ikusteko gogoa pizten dute, berrikuntzarekin ados egon edo ez, eta lehen ikusi gabeko gauzak egiten baditu taldeak harridura eta euforia ere eragiten dute. Berritasun handirik ikusten ez bada, aldiz, entrenatzaile berriak denborarik izan ez duela pentsatzen da. Marcelino Garcia Toralek gaur zuen estrainekoa Athleticen aulkian, San Mamesen, eta horren kasuan ere, ezin analisi sakonik egin.

Emaitzaz harago begira jarri behar dira begiak betiere, eta entrenatzaile berriaren lehen egunean, are gehiago. Gaur Bartzelonaren aurka 1-3 galdu izanak ez du zertan aldatu zelaian taldeak erakutsitakoaren argazkia. Aurreneko begi kolpea hamaikakoak jaso du. Berrikuntzak, hasteko, sisteman: lau atzelari, lau erdilari eta bi aurrelari; horietako bat Iñaki Williams. Euskarriak Unai Vencedor eta Mikel Vesga, eta eskuin hegalean, Oscar de Marcos. Marrazkiak marrazki, Marcelinok bezperan esandakoari tiraka, estiloa denez «garrantzitsuena», hautu nabarmena: kontraerasoan jokatzea. Zital eta azkar. Hirugarren minutuko jokaldia, eredugarria. Lapurtu baloia bere zelaian, eta bi pasetan Williamsentzat baloia, abiaduran Ter Stegenen arearaino sartzeko. Atzelaria atzean utzi, eta 1-0. Hasiera ezin hobea Marcelinoren aroan. Estiloa eta emaitza. Bide batez esanda, antzera hasi zen Gaizka Garitano ere.

Estiloaren beste katebegi bat, defentsan oraingoa: goian ezin bazen presionatu, lerroak atzeratu. Lau jokalariko bi lerro egin, eta zonakako defentsa.  Erdiko gunea itxiz Bartzelonari gaur. Arazo bat: aurkariak aukera izatea pasea lasai emateko lauko bi lerroak gaindituta. Horrela egin dizkio lehen bi aukerak, Unai Simonek urrundu dituenak. Hirugarrenean, Messik baloia gurutzatu du atzelarien bizkarrera, Simonek zalantza egin du atera, ez atera; De Jongek atzera egin du pasea, eta Pedrik buruz gola egin du. Hamalaugarren minutua zen.

Bizi zihoan partida, ikusgarri. Ordutik aurrera, baina, itzali egin da. Edo Bartzelonak defentsan lan egiteko argia piztu du. Besteak beste, Athletici goian estutzen hasi zaio, eta akabo etxekoen erraztasunak baloia atzetik jokatuta ateratzeko. Horrekin lotuta, estiloaren bueltan, beste ondorio bat: baloia zelaira jaistean, erraz jokatzen saiatu da etxeko taldea, mugimendu orekatuekin eta lekua gehiegi galdu gabe.

Lehen zatiko azkeneko hamabost minutuetan, Yurik zelaia utzi du giharretako arazo bat tarteko. Bartzelona nagusi zen, eta Messik bigarren gola egin du 38. minutuan. Beste pase bat atzeko lerro estatikoaren bizkarrera.

Bigarren zatiaren hasiera biziagoa izan da, eta Williamsek berdinketa sartzeko aukera izan du, azkar landutako eraso batean. Berehala erantzun du Bartzelonak, emaitza ixteko: Messik 62. minutuan egin du hirugarren gola kataluniarrentzat. Hortik aurrera, lerroak atzeratu ditu, eta Athleticen gabezietako bat azaldu da, entrenatzailea aldatuta ere: jokoa sortzea. Bartzelonak gol gehiago sartzeko aukerak egin arren, Muniain izan da asmatu duena, 90. minutuan. Berandu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.