Enpresak

Tubos Reunidosek 115 milioiko erreskatea eskatu dio Madrili

Enpresa estrategikoak laguntzeko funtsera jo du. Argudiatu du pandemia dela-eta geldiarazi behar izan dituela kontratatutako proiektuen %50 baino gehiago, eta kontratazio berriak etenda daudela.

Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 7a
11:29
Entzun

Petrolio produkzioaren beherakada dela eta, duela urte batzuetatik hona egoera larrian dago Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos. Azken urteetan pilatutako zorrari ezin eutsi eta, orain, Espainiko Estatuari eskatu dio 115 milioi bere gain hartzeko. Kasu honetan, bankuen atea beharrean, COVID-19agatik kaltetutako enpresa estrategikoak laguntzeko funtsarena jo du.

Zehazki, 100 milioi euroko partaidetza-mailegu bat galdegin dio Madrili, eta 15 milioiko beste mailegu arrunt bat, 2021ean partaidetza-mailegu bihur daitekeena.

Taldeak zehaztu duenez, COVID-19a dela-eta aldi baterako geldiarazi behar izan ditu kontratatutako proiektuen %50 baino gehiago, eta kontratazio berriak etenda daude.

Tutugilearen ustez, enpresa estrategikoentzako funtsaren laguntza jasotzeko baldintzak betetzen ditu, «trantsizio energetikoko proiektu industrialetarako (berriztagarriak eta hidrogenoa, esaterako) funtsezko enpresa bat» dela argudiatuta.

Madrilek iazko uztailean sortu zuen enpresa estrategikoak erreskatatzeko funtsa, Europako beste herrialde batzuek egin duten bezala, eta Bruselaren babesarekin. Orain arte, erreskate bakarra jakinarazi du: Air Europako konpainiarena (450 milioi euro). 

Tubos Reunidosek eskaera egin du, baina onartua izateko, aldez aurretik azterketa sakon bat gainditu beharko du. Eta ez du erraza izango. Ministroen Kontseiluak uztailaren 21ean hartutako erabakian jasotzen denez, 2019aren amaieran euren egoera ekonomikoa ona zela frogatzen duten enpresak baino ez ditu erreskatatuko gobernuak. Hau da, koronabirusa baino lehen bideragarriak ziren konpainiei. Eta epe ertain eta luzerako bideragarritasuna frogatu behar dute, estatuaren laguntza — interesekin — itzultzeko aurreikuspenarekin. Horrez gain, herrialdearentzat estrategikoak direla erakutsi behar dute eta egoitza eta lantokiak Espainian izan behar dituzte, besteak beste.

Eraldaketa prozesua etenda

Euskal Herriko enpresa handienen artean Tubos Reunidos da egoera okerrenean dagoenetako bat. Taldea 2019an hasi zen bere ekoizpena «balio erantsi, prezio eta marjina handiagoko hodietara» bideratzen, energia berriztagarri garbien sorrerarekin lotuta. Eta hasi zen pixkanaka aldentzen petrolioaren negoziotik.

Hala ere, konpainiak onartu duenez, COVID-19ak eraldaketa prozesu hori geldiarazi du, eta pandemiak petrolioaren prezioaren beherakadan izan duen eraginarekin batera, AEBetako bezeroen inbertsioak geldiarazi ditu.

Tubos Reunidosen asmoa zen hurrengo urteetan AEBekiko «menpekotasuna» gutxitzea eta bere bezeroen zorroa beste herrialde batzuetara zabaltzea, bereziki Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko merkatuetara. Azken bi urteetan %14 murriztu du AEBetako merkatuarekiko lotura —egun hara esportatzen du bere produkzioaren %25—. Dena den, konpainiak azpimarratu du COVID-19aren krisia mundu mailakoa dela eta beste merkatuetan ere nabari dela, eta gogoratu du bere produkzioaren %80 iberiar penintsulatik kanpo saltzen duela.

Zor handiak

Konpainiak jakinarazitako azken datuen arabera, 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan 59,3 milioi euroko galerak izan zituen, aurreko urteko epe berean izandakoen halako bi baino gehiago. Bosgarren urtez jarraian pilatuko ditu galerak, beraz. Horrekin batera, 350 milioi euroko zorrari buelta ezin emanda dabil aspalditik.

Hori epe barruan ordaintzeko arazoak zituelako, iazko udan beste behin berritu egin zuen bankuekin zuen akordioa, eta beste 15 milioi eskatu zituen COVID-19aren eraginei aurre egiteko. Langileek era nabari dituzte ondorioak: besteak beste, 2019tik ehunka behargin ari dira lanaldi murriztuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.