Lan gatazka

Zamaketarien eta enpresen arteko gaurko bilera atzeratu egin dute

Enpresek hilaren 5ean helarazi zieten sindikatuei lan gatazkari irtenbidea eman nahiko liokeen proposamena, hitzartutakoa baino egun bat geroago, eta sindikatuek denbora eskatu dute hura aztertzeko

Zamaketarien protesta bat, azaroan. GOYODOCKER
xabier martin
2021eko urtarrilaren 7a
12:20
Entzun

Bilboko Portuaren jarduera kinka larrian jarri duen gatazkari irtenbidea emateko bide orriaren barruan, bilera egin zuten aldeek abenduaren 30ean, Lan Harremanen Kontseiluan, eta, gero, enpresek beste urrats bat egingo zutela agindu zuten, proposamen berri batekin. Egun bat geroago iritsi da hura, ordea, errege egunaren bezperan, eta aldeek gaur egitekoa zuten bilera atzeratu egin dute sindikatuen eskaeraz, proposamen hori aztertzeko beta gehiago nahi dutela esanez.

Edonola ere, bihar bertan dira batzartzekoak enpresen ordezkariak eta zamaketarienak, eta kartak buruz gora jarriko dituzte enpresen azken porposamen hori dela eta. Hilaren 11n, berriz, Lan Harremanen Kontseiluan bildu nahiko lukete sindikatuek, berriro. Madrilen, hilaren 13an Lan Ministerioan egitekoa duten batzarra giltzarri gerta daiteke lan gatazkari etena jartzeko, eta haren atarikoa litzateke Bilboko Portuko enpresekin egingo luketena bi egun lehenago.

Urrian hasi zen greba

Urriaren 9an hasi zuten greba zamaketariek, eta abendu hasieran utzi zuten bertan behera, Espainiako Lan Ministerioak proposatutako bide orria onartuta. Hark hainbat mugarri ezarri ditu negozazioak emaitzak eman ditzan.

Zamaketariek urtebete egin dute lan hitzarmen berria negoziatzen; besteak beste, egutegiari eta atseden sistemari buruzko eskakizunak dituzte. Jarduna liberalizatu berri da, eta portuan lan egiteko modua berrantolatu behar dute. Gainera, zortzi urte dira ez dietela soldata eguneratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.