Errepublikanoak, are zatituago

Pence eta McConnell Trumpen estrategiatik aldendu dira, baita bozen emaitzen kontra egingo zutela esana zuten hainbat senatari ere. Hala ere, jarduneko presidentea ez dago bakarrik alderdian.

Mitch McConnell Alderdi Errepublikanoaren Senatuko burua eta Ted Cruz senatari errepublikanoa, elkarri eskua ematen, iazko otsailean. LEAH MILLIS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 7a
14:39
Entzun

Donald Trump AEBetako presidentearekiko desadostasunak eta haren erabakien kontrako salaketak etxe barruan gorde ditu, ahal bezain beste, Alderdi Errepublikanoak. Baina atzo Trumpen ehunka jarraitzaile Kapitoliora sartu izanak eta Joe Biden presidente hautatuaren garaipena aitortzeko Ordezkarien Ganberak eta Senatuak egin zuten saio bateratua eten izanak azaleratu eta sakondu egin dute alderdi barruko zatiketa.

Argi gelditu zen hori Mike Pence jarduneko presidenteordearen adierazpenetan. Berak gidatu zuen bi ganberetako saio bateratua, eta aldendu egin zen Trumpen ildotik. «Kapitolioan nahasmena eragin duzuen horiei, ez duzue irabazi. Indarkeriak ez du sekula ere irabazten. Askatasunak irabazten du. Hau oraindik ere jendearen etxea da».

«Demokrazia iraultzen ahalegintzea» leporatu zien Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko buruak Kapitoliora indarrez sartu zirenei, eta «matxinadak porrot» egin zuela nabarmendu zuen. «Konspirazio teoriak» baztertzeko eskatu zuen, eta hauteskundeetako emaitzak onartzera deitu zituen bere taldeko senatariak. «Boto emaileek, auzitegiek eta estatuek hitz egin dute». McConnellen esanetan, AEBetako demokrazia «espiral hilgarri batean» sartuko litzateke, «hauteskundeak alderdi galtzailearen alegazioengatik irauliko balira».

Kapitolioan gertatutakoa, ordea, ez da nahikoa izan Trump bakartzeko, eta Alderdi Errepublikanoko ordezkari ugarik babestu zituzten atzoko saioan Arizonako eta Pennsylvaniako emaitzen kontrako alegazioak. Baztertuak izan ziren bi ganberetan, baina Trumpen estrategiak babes zabalagoa izan zuen Ordezkarien Ganeberan: 138 boto jaso zituen Pennsylvaniako emaitzen kontrakoak —282 aurka— eta 121 Arizonakoak —303 kontra—. Senatuan, aldiz, zazpi errepublikanok babestu zuten Pennsylvaniako emaitzen aurkako alegazioa —92 boto jaso zituen kontra—, eta sei Arizonakoak —93 aurka—.

Saioaren aurretik, dozena bat senatari ziren alegazioak babestekoak, Ted Cruz Texaseko hautetsia buru. Trumpen aldeko ehunka jarraitzaile Kapitoliora sartu ostean, baina, jarrera aldatzea erabaki zuten hainbat senatarik. Kelly Loeffler Georgiako bozetan kargua berritzea lortu ez duen ordezkaria izan zen horietako bat. «Gaurko gertakariek hausnartzera behartu naute, eta orain ezin dut, kontzientzia lasaiarekin, [hauteskundeetako emaitzen] aurka egin». Erabaki bera hartu zuten Cathy McMorris Washingtongo senatariak, Steve Daines Montanakoak eta James Lankford Oklahomakoak.

AEBetako azken hauteskundeetako emaitzak iruzurra diren mezua muturreraino eramateko erabakiari eutsi nahi izan dio Trumpek, eta, horregatik, asko izan dira hari leporatu diotenak Kapitolioko gertakarien ardura; baita Alderdi Errepublikanoaren barruan ere. Mitt Romey Utahko senataria izan da presidentearekin kritikoen agertu direnetako bat. «Hauxe da presidenteak eragin duena: matxinada». Ordezkarien Ganberako Liz Cheneyren iritziz —Kongresuko errepublikanoen artean ardura handieneko hirugarren postua da berea—, «ez dago zalantzarik» Trumpek «eratu» duela Kapitolioari «eraso» egin dion jendetza. «Berak piztu du sua».

Presidentea demokrazia arriskuan jartzearen erruduntzat jotzen dutelako, zenbait hautetsi errepublikanok hura kargutik kentzeko eskatu dute, AEBetako Konstituzioaren 25. artikuluaren bidez.

Zenbaitek Trumpen kontrako ahotsa ozen altxatu duten arren, oraindik haren ondoan segitzen dute hainbatek, hauteskunde emaitzen kontrako alegazioen bozketek islatzen dutenez. AEBetako hedabideetako iritzi emaile ugarik lotu dute Trumpen aldeko jarrera hori hauteskunde interesekin, zalantzarik ez baita Trump babestu duen oinarri sozialari esker lortu dutela Alderdi Errepublikanoko hainbat kidek Ordezkarien Ganberan edo Senatuan dituzten eserlekuak.

Jarduneko presidenteari babesa agertu dioten alderdikideek garrantzia kendu diete Kapitolioko istiluei. Horien esanetan, atzoko gertakariak ziria sartu dieten herritarren haserrearen adierazpen dira, ordezkari politikoek bazterrean utzitakoena. Beste batzuk ziurtatu dute ezkerreko ekintzaile infiltratuak izan zirela liskarra piztu zutenak, Trumpen jarraitzaile gisa mozorrotuta. Izan dira demokratei hipokrisiaz jokatzea leporatu dietenak ere, Black Lives Matter mugimenduaren manifestazioetan izan diren istiluak ez dituztelako salatu, eta atzokoak, aldiz, matxinadatzat jo dituztelako. Trumpen alde mintzatu denen artean da Sarah Palin 2008an errepublikanoen presidenteordegai izan zena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.