martxelo otamendi

Iturengo inauterietakoak Kapitolioan

2021eko urtarrilaren 7a
16:09
Entzun

Nafarroako Gobernuaren Turismo zuzendaritzak Iturengo Inauteria sustatzeko antolatutako kanpainaren ekitaldia ematen zuen. Eusko Jaurlaritzak Iñaki Perurena jarri bazuen New Yorkeko Central Stationen hall zinematografikoan harriak jasotzen turismo kanpaina batean —Rosa Diez Turismo sailburu zela—, zergatik ez iturendarrak hiriburuaren Kapitolioan, egiten dakitena egiten...

Duela lau urte Donald Trumpek hauteskundeak irabazi izana izan zen lehen kanpaikada, askok arinkeriaz hartu genuena. Herritarren arinkeria, politikaren desprestigioak eraginda, egoera berezi bati zegokion une jakin bateko erreakzioa masiboa, behin lau urteak igarota normaltasunera igaroko zen ustekabe soziologikoa... Azaroko hauteskundeetan Trumpek lortu zuen emaitza ona izan zen bigarren kanpaikada, eta atzoko asaltoa hirugarrena. Hamaika teoria mamitsu egingo ditugu atzo gertatutakoa azaldu eta ulertzen laguntzeko, baina duela hamarkada asko hasitako bide baten beste urrats bat da. Koktelontzira gero eta osagarri gehiago ari direnez sartzen, gero eta zailagoa izango da ondorioa indargabetzea.

Ba ote dago munduan beste herri bat zeinetan armadun bat eskola batean sartu eta hamar ikasle hiltzen dituena? Horrelako zenbat gertatu dira azken hamarkadotan, eta zer egin da eragozteko? Hutsik dauden hitzak eta malko faltsuak bai, baina mamizko erabakirik ez, ezer ez. Horrek kultura bat sortu du, bizitza ulertzeko modu bat: «niri ez dit inork esango zer egin dezakedan eta zer ez» da askorentzat bere bizitzaren konstituzio partikularraren artikulu bakarra. «Ez naiz bada Kapitoliora sartuko hura hartzera, edozein momentutan tiroz txirbila baditzaket etxe aurreko dendako erosleak?».

Aginte politikoa eta, batik bat, ekonomikoa bermatzeko helburuarekin diktadurak bultzatuz, beste herri batzuk inbadituz, gerrak nonahi piztuz gure nazioak munduan nahi duena egin badezake, egin dezadan nik ere nahi dudana nire herrian. «We are the best, fuck the rest» («Onenak gara, izorra daitezela besteak») leloa zeramaten AEBetako gerra hegazkinek pintatuta fuselajean Irakeko gerran. Horrek bizitza ulertzeko eskola bat sortu du hamarkadetan, ustez kontrolpean zegoena, eta orain lehertzen ari dena.

Iragan urrian, presidentetzarako hauteskundeetarako hilabete falta zela, FBIk Michigango gobernadore demokrata Gretchen Whitmer bahitzeko asmoa zeukan gerrillari talde bateko kideak atxilotu zituen. Hilabete batzuk lehenago, maiatzean, beste sei ekintzaile —metraileta banarekin— estatu bereko Kapitolioan sartu ziren indar erakustaldia eginez. Txorotzat hartu genituen, baina abisuak ematen ari ziren, esaten ari zitzaizkigun zer edo zer larriago egingo zutela, denbora kontua zela. Eta egin zuten, atzo, denon harridurarako.

Kapitolioko segurtasunak atzo erakutsi zituen zuloei garrantzirik kendu gabe —nola da posible munduan segurtasun tresnarik aurreratuenak dauzkan AEBetan hori gertatzea?—, gizartea ulertzeko hedatu den modua da kezkagarriena; Kapitolioan ez bazen, beste nonbait egingo zuketelako.

Atzoko eguna borobiltzeko, 2001-2009 tartean presidente izan zen George W. Bushek Kapitolioko asaltoa gaitzesteko esan zuen gertatutakoa banana errepubliketan bakarrik gertatzen dela. Ba ote dago, ordea, munduan AEBak baino banana errepublika handiagorik? Eta dauden banana errepublikak noren babesarekin eta noren esanetara aritu dira? AEBak izan dira banana errepublika sortzailerik handienak.

Galtzak bete lan dauzkate Sam osabaren seme-alabek, eta hobe lukete munduan esku hartzen jardun beharrean, haien barrura bildu eta sortu duten —ez denek ardura berarekin, noski— munstroa nola indargabetu gogoetatu; garai batean munduari aldaketa onuragarri asko —beltzen mugimendua, gerrari plantoa, emakumeen berdintasuna, ekologia, gay eta lesbianen eskubideak...— ekarri zizkieten AEB haietara itzultzeko. Urteak beharko dituzte eta.

Bizkitartean, segi dezagun gozatzen Iturengo eta Zubietako inauterietako adardunekin. Atzo ikusitakoak baino dezente naturalagoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.